Proiektu ibiltari batekin herri horietatik ibilbide bat diseinatzea da proposamena. Kalifornia, Nevada, Idaho edo Arizona bezalako lekuetara lan bila eta bizimodu hobe baten bila joan ziren pertsona gehienak Bortzirietatik, Baztandik, Malerrekatik, Erroibarretik, Aezkoatik, Artze ibarretik edo Nafarroa Beheretik joan ziren, baita Lizarra aldeko bertze landa-eremu batzuetatik eta abeltzaintzako tradizioa duten bertze herri batzuetatik ere.
20.000 nafar baino gehiago Estatu Batuetara
Artzainek Nafarroatik Estatu Batuetara egiten duten migrazioa fenomeno historikoa da, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren areagotu egin zen; izan ere, Estatu Batuek garapen ekonomiko handiko garaia bizi zuten, eta, aldi berean, nekazaritzako langileak hirietara lekualdatzen ari ziren, eta horrek produktuen eskaria handitzen zuen, bertzeak bertze, ardi-sektorearena.
Zaila da hainbat helmugatara eta garai ezberdinetan (batez ere bi mundu gerren eta gerra zibilaren ostean) emigratu zuten pertsonen kopurua zenbatzea, baina Nafarroako Unibertsitate Publikoak XIX. eta XX. mendeetan zehar egindako ikerketa baten arabera, 20.000 nafar baino gehiagok zeharkatu zuten Ozeanoa, horietako batzuk AEBra, eta, horien barruan, artzaintza lanak egiteko ehuneko bat ere bai, eta hori da Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia lan honekin.
Artzainen jatorrizko herriak zeharkatuko dituen ibilbidea Nafarroan hasita
Euskal Artzainak Ameriketan irabazi asmorik gabeko elkarteak AEBra emigratu zuten artzain gazteek egindako lana aitortzea, haien historia zabaltzeko kultur jarduerak antolatzea eta artzain horien bizitzari buruzko azterketak, ikerketak eta dokumentazioa egitea ditu helburu, bertzeak bertzea.
Hori dela eta, elkarte honek Estatu Batuetara doazen artzainen migrazio fenomenoa gertatu zen jatorrizko herriak zeharkatuko dituen ibilbide bat egiteko asmoa du, ibilbidea Nafarroan hasiz.
Ibilbide honen etorkizuneko ezarpen praktikoaren aurretik, Euskal Artzainak Ameriketan egitasmoak hasierako analisi bat egitea aurreikusten du, etorkizuneko ibilbidea osatuko duten herriei buruzko informazio interesgarria, historia eta bitxikeriak bilduz, baita ibilbidearen etapen definizio zehatza ere. Horixe da hitzarmen honen helburu zehatza. Hitzarmen hau 2024. urtean gauzatu beharko da, eta gai beraren inguruan aurretik egindako beste jarduera batzuk finkatzen ditu, hainbat erakunde eta formaturekin.