Dutxa bakoitza lau minutura mugatzeko kanpainarekin bat egin dute Nafarroako 36 udalerrik

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 20a, 12:00

Neurri sinboliko honekin, kalkulatzen da Nafarroako biztanle guztiek dutxa bakoitzean 7 milioi litro aurreztu ditzaketela. Argazkian, kanpainaren aurkezpena.

Hogeita hamasei udalerri horien artean daude gure eremukoak diren Arantza, Beintza-Labaien, Donamaria eta Urroz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hareazko erloju ttikiak banatuko ditu herriotako bizilagunen artean.

Nafarroako 36 udalerrik bat egin dute Nafarroako Gobernuaren Ingurumen kanpainarekin. Kanpaina horren helburua da herritarrak sentsibilizatzea ura aurrezteko eta etxean arduraz erabiltzeko beharraz, ingurumenari eta osasunari lotutako arrazoiengatik. Helburu horrekin, eta asmo hori modu grafiko eta hurbilean erakusten duen lekukotza gisa, udal horiek 4 minutuko hareazko 24.000 erloju txiki banatuko dituzte bizilagunen artean datozen asteetan, etxean dutxa baten iraupena kontrolatzeko. Hori da Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egoki jotzen duen eta larruazalaren higiene- eta osasungarritasun-irizpideen arabera gomendatzen duen gehienezko ur-denbora.

Erloju horiekin batera, azalpen liburuxkak eta infografiak aurkeztuko dituzte, tokiko erakundeekin lankidetzan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak gidatzen duen LIFE NAdapta Europako proiektuaren esparruan sustatutako klima-aldaketarekiko sentsibilizazio- eta egokitzapen-ekintza batean.

Jose Mari Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Fernando Señas Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendariak aurkeztu dute kanpaina, parte hartzen duten udalerrietako zenbait alkaterekin batera, tartean Arantzako Xatur Larralde.

Nafar guztien artean dutxa bakoitzean 7 milioi litro ur guttiago

Larrialdi klimatikoaren eta ur eskasiaren testuinguruan, Nafarroak ur aunitz aurreztuko luke, baldin eta biztanleria 4 minutu baino gutxiagoan dutxatuko balitz –kalkulatzen den batez besteko 10 minutuak egin beharrean–, eta, gainera, ur epelarekin eta ez beroarekin eginen luke. Ekintza sinbolikoa da, baina emaitza eraginkorra du, eta eguneroko ohituren aldaketa txikiak ekar ditzaketen ur-aurrezpen handia irudikatu nahi du.

Era berean, dutxa-denbora mugatzeak pertsonen osasunean dituen abantailak azpimarratu dituzte, gehiegizko uraren ondorioz larruazala hondatzea saihesten baita, OMEren gomendioen arabera.

OMEren kalkuluen arabera, etxeko dutxa batean emandako batez besteko denbora 10 minutukoa da, eta saio bakoitzean 200 litro ur gastatzen dira. Denbora hori proposatutako 4 minutuetara murriztuz gero, 120 litro ur aurreztu daitezke, eta, horrela, Nafarroako biztanleria osoak erronkarekin bat eginen balu, dutxa bakoitzean 7 milioi litro ur aurreztuko lirateke, 24 igerileku olinpikoren baliokidea.

Hauek dira ura aurrezteko kanpaina honetan parte hartu duten 36 udalerriak: Uharte, Atarrabia, Aranguren, Bidaurreta eta Galar, Iruñerrian; Agoitz, Arantza, Barbarin, Beintza-Labaien, Cáseda, Ziritza, Donamaria, Etxarri, Etxauri, Eulate, Ezprogi, Ibargoiti, Imotz, Xabier, Liedena/Ledea, Longida, Irunberri, Lukin, Milagro, Nazar, Odieta, Olaibar, Peralta/Azkoien, Sansol/Santsol, Tiebas-Muruarte de Reta/Tebas-Muru Artederreta, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urroz, Viana eta Villafranca/Alesbes.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun