Nafarroako XIX. erremonte txapelketako laugarren jardunaldia Nafarroatik kanpo jokatu zuten larunbatean. Hendaiako erremonte profesionaleko torneoa-Peio Benta Sari Nagusia jokatu zen eta Jon Sagaseta iruritarrak eta Otanok 35-29 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Barricarti. Giro bikaina izan zen Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan eta giroa oraindik gehiago berotzen lagundu zuten Iturengo joaldunek.
Hendaiako jaialdia Les Deux Jumeaux elkartearen aldekoa izan zen. Jaialdia hasteko partidan, Mikel Mikelarena oiztarrak eta David Mitxeo doneztebarrak 30-23 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Ioni.
Hendaiako garaipenarekin, finalerdietarako txartela segurtatua dute Sagasetak eta Otanok. B multzoko liderra izanen dute jokoan abuztuaren 24an Milagron, Otxandorenaren eta Ionen kontra jokatuko duten partidan.