Aitor Saralegi irurtzundarrak irabazi du Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketa Arantzan

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 19a, 09:00

Altsasuko Oier Mitxelenarekin batera igoko da bigarren mailara eta Julen Urrutia arraioztarra hirugarren izan zen

Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu zen igandean Arantzan Bortz aizkolari lehiatu ziren, Iruñeko sanferminetan jokatutako kanporaketak sailkatutakoak. Lau enbor moztu behar izan zituzten: bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko. Irurtzungo Aitor Saralegi izan zen txapeldun (09.51) eta Altsasuko Oier Mitxelena bigarren (10.25). Biek lortu dute bigarren mailan aritzeko txartela.

Txartel hori lortzetik hamalau segundora, hirugarren izan zen Julen Urrutia arraioztarra (10.51).

Ondotik sailkatu ziren Olagueko Beñat Senosiain (11.42) eta Berriozarreko Iker Goldarazena (13.23).

Aizkoraz gain, Nafarroako arpana txapelketak ere jokatu zituzten Arantzan eta arpana erakustaldia ere izan zuten. Martikoko lote baten zozketa ere egin zuten eta Dani Etxegarairen 970 zenbakia suertatu zen saritua. Julen Oskoz zinegotziak banatu zituen sariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun