Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri kirol txapelketa ofizialen lekuko izanen da Arantza herriko bestetan. Abuztuaren 17an, larunbatean 18:00etan hasita, Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatuko dute, baita gizonezkoen nahiz emakumezkoen lokotx biltze txapelketak ere.
Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finalean bortz aizkolari lehiatuko dira, Iruñeko sanferminetan jokatutako kanporaketak sailkatutakoak. Arraiozko Julen Urrutia izanen da eskualdeko aizkolari bakarra eta berekin batera, Altsasuko Oier Mitxelena, Irurtzungo Aitor Saralegi, Olagueko Beñat Senosiain eta Berriozarreko Iker Goldarazena ariko dira lehian. Lau enbor moztu beharko dituzte: bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko. Lehen bi sailkatuak mailaz igo eta bigarren mailan ariko dira.
Emakumezkoen eta gizonezkoen lokotx biltze txapelketak
Nafarroako lokotx biltze txapelketak ere Arantzan jokatuko dituzte jaialdi berean. Gaur egungo txapeldunak, bai Nafarroakoak baita Euskal Herrikoak ere, biak eskualdekoak dira, Ainhoa Etxegarai beratarra eta Unai Iantzi aniztarra eta biak txapelari eusten saiatuko dira.
Ainhoa Etxegarairekin batera, Txantreak Sara Zapata, Elkarteko Nerea Huarte eta Eltsoko Ainhoa Iraizoz ariko dira.
Gizonezkoetan, Anizko Unai Iantzirekin eta Sunbillako Eneko Herrerarekin batera, Beteluko Josu Elizalde, Elkarteko Lur Gil, Berriozarreko Asier Agirre eta Larraintzarreko Ander Arbilla lehiatuko dira.
Emakumeek nahiz gizonek, bi lerrotan paratutako 50 lokotx bildu beharko dituzte eta lehen bi sailkatuek Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela lortuko dute.