Arraioz eta Basaburua herriz herri txapelketako finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 14a, 12:00

Ultzamaldea, Txantrea eta Irurita aritu ziren lehian igandean Antsoainen jokatutako laugarren jardunaldian.

Berriozar eta Ultzamaldearekin batera lehiatuko dira igandean Burlatan

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Herriz herri txapelketako laugarren jardunaldia jokatu zuten igandean Antsoainen. Ultzamaldea, Txantrea eta Irurita aritu ziren eta bi proba konbinatuetan Ultzamaldea gailendu zen.

Lehen proba konbinatuko lana akitzeko 22 minutu eta 33 segundo behar izan zituen Ultzamaldeak, 23 minutu eta 40 segundo Txantreak eta 23 minutu eta 51 segundo Iruritak.

Arpanen Antsoainen.

Bigarren proba konbinatuan (bi kirol), berriz, Ultzamaldeak 114 altxaldi eman zizkion ingudeari (57 gizonezkoak eta 57 emakumezkoak) eta txingetako denbora 4 minutu eta 50 segindokoa izan zen (2.00 gizonezkoak eta 2.49 emakumezkoak); Iruritak ingudearekin 111 altxaldi egin zituen (54 gizonezkoak eta 57 emakumezkoak) eta txingetako denbora 6.21 izan zen (3.37 gizonezkoak eta 2.43 emakumezkoak); Txantreak 105 altxaldi egin zituen ingudearekin (54 gizonezkoak eta 51 emakumezkoak) eta txingetako denbora 6.25 izan zen (3.02 gizonezkoak eta 3.23 emakumezkoak).

Txingak eramaten Antsoainen.

 

Finala abuztuaren 18an Burlatan

Honela, abuztuaren 18an, igandean19:00etan hasita Burlatako Ezkazabal kiroldegian jokatuko den finalerako sailkatutako taldeak Arraioz, Basaburua, Berriozar eta Ultzamaldea dira, lehen proba konbinatuan nahiz bigarren proba konbinatuan. Gazte mailako txapelketako azken jardunaldia ere jokatuko da eta, aitzinekoetan bezala, Antsoain, Berriozar eta Basaraiga (Basaburua, Arantza eta Igantzi) izanen dira aurrez aurre.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun