Iganderako alerta laranja ezarri dute tenperatura beroengatik eta gorria sute arriskuagatik

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 9a, 10:00

Beroa ate joka da berriz. Bereziki iganderako egin dute ohartarazpena. Aemet meteorologia agentziak iragarri duenez, igandean alerta laranjan izanen da TTIPI-TTAPAk hartzen duen Hegoaldeko eskualde osoa eta sute arriskuagatik ere abisua egin du.

Tenperatura beroak igandean

Eskualdeari begira gaur eta bihar ez du abisurik eman Aemetek tenperatura dela eta, baina iganderako bai. Zehazki 13:00etatik 21:00 aldera arte alerta laranja ezarri du, eta termometroak 40 gradu ingurura ailegatzen ahal direla jakinarazi du.

Sute arriskua, berriz, muturrekoa izanen da igandean eskualdean. Baina gaur eta bihar ere arriskua moderatua, altua edo hagitz altua izanen da udalerriaren arabera. Hala, Nafarroako Gobernuak berriz ere kanpoan suarekin kasu emateko eskatu du. 

Maparen gaineko aldean dauden geziei emanez, ondoko egunetako iragarpenak ikusten ahal dira.

Sute arriskua eskualdean

Gaur, ortziralea:
  • Abisu laranja, hau da, sute arrisku hagitz altua: Aranon, Goizuetan, Lesakan eta Beran.
  • Abisu horia, hau da, sute arrisku altua: Areson, Leitzan, Ezkurran, Arantzan, Igantzin, Etxalarren, Sunbillan, Zubietan, Iturenen, Elgorriagan, Urdazubin eta Zugarramurdin.
  • Abisu berdea, hau da, sute arrisku moderatua: Eratsunen, Saldiasen, Beintza-Labaienen, Urrozen, Oizen, Donamarian, Donezteben, Bertizaranan eta Baztanen.
Bihar, larunbata:
  • Abisu gorria, hau da, suteen muturreko arriskua: Beran.
  • Abisu laranja, hau da, suteen arrisku hagitz altua: Aranon, Goizuetan, Areson, Leitzan, Arantzan, Igantzin, Etxalarren, Lesakan, Ezkurran, Eratsunen, Saldiasen, Beintza-Labainen, Urrozen, Zubietan, Iturenen, Elgorriagan, Donezteben, Sunbillan, Bertizaranan, Urdazubin eta Zugarramurdin.
  • Abisu horia, hau da, suteen arrisku altua: Baztanen, Donamarian eta Oizen.
Etzi, igandea:
  • Abisu gorria denean. Hau da, eskualde guzian suteak izateko arriskua muturrekoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun