Baztan Bidasorako Jasangarritasun Turistikoko Planerako hitzarmena sinatu dute

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 2a, 17:00

Ekitaldian parte hartu zuten ordezkariak Etxalarren Lizarietako aduana zaharraren ondoan.

Pasa den astean sinatu zuten Etxalarren Baztan Bidasoko Jasangarritasun Turistikoko Planerako hitzarmena. Planak 4.740.000 euroko ekarpena eginen dio turismo sektoreari eta Nafarroako Turismo Zuzendaritza Nagusiak eta Cederna Garalurrek sinatu dute.

Plana Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Next Generation funts europarrekin finantzatu da. Baztan Bidasoan turismo aktiboa eta iraunkorra bultzatzen du, eta, bereziki, mugikortasuna, Bidasoako bide berdean eta  bizikletentzako pistetan egingo den inbertsioa dela eta.

Ekitaldian parte hartu zuten Kultura, Kirol eta Turismo sailburu Rebeca Esnaolak, Arantxa Arregi Cederna Garalur elkarteko lehendakariak, Amets Inda Sunbillako alkateak eta Xabier Etxarte Etxalarko alkateak. Ana Rivas turismoko zuzendari nagusia, udalo ordezkariak, turismo sektoreko agenteak eta Cederna Garalur ere bertan izan ziren.

Bere hitzaldian, Esnaola sailburuak eskualdeko sektore turistikoarentzat suposatzen duen «erronka eta aukera» azpimarratu zituen, baita horrek enpleguan, garapen ekonomikoan eta zerbitzuen hobekuntzan dituen ondorio positiboak ere. Arantxa Arregik, bere aldetik, Plan honek tokiko errealitatea eta ingurumena errespetatzen dituela azpimarratu zuen, baita lurraldeko kultura- eta natur ondarea ere.

Ekitaldian planaren barrenean gauzatuko diren bi proiektu bisitatu zituzten. Alde batetik Etxalarren Lizarietako aduanaren eraikin zaharra bisitatu zuten. Bertan, ingurumena eta hegazti migratzaileak interpretatzeko zentro bat sortuko da.

Lekarozen, bertzalde, Bidasoko bide berdearen luzapen berriko zati bat bisitatu zuten, Doneztebe eta Elizondo lotuko dituena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun