Nafarroako herriz herri txapelketako bigarren jardunaldia Elizondon eginen dute uztailaren 27an

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 26a, 10:00

Elizondoko Iriarte pilotalekuan jokatuko dute Nafarroako herriz herri txapelketako bigarren jardunaldia larunbat arratsaldean.

Arraioz, Basaburua, Irurita eta Berriozar lehian ariko dira txapelketa nagusian eta Basaraiga taldea (Basaburua, Arantza eta Igantzi), Antsoain eta Berriozar gazte mailan, larunbatean 17:00etan hasita Iriarte pilotalekuan

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Herriz Herri txapelketa joan den larunbatean abiatu zen Beran. Maila absolutuan eskualdeko hiru talde ari dira, hiruak baztandarrak: Arraioz, Basaburua eta Irurita. 21 urtez beheitiko mailan Basaraiga taldean ariko dira Basaburua, Arantza eta Igantziko gazteak. Bigarren jardunaldia Elizondoko bestetan izanen dute, heldu den larunbatean, hilaren 27an. 17:00etan izanen da Iriarte pilotalekuan eta Arraioz, Basaburua, Irurita  eta Berriozar ariko dira.

Hirugarren jardunaldia abuztuaren 3an, larunbat arratsaldez eginen dute Etxarri Aranazko frontoian. Bertan, Basaburua, Berriozar eta Etxarri Aranatz lehiatuko dira.

Azken jardunaldia, aldiz, Antsoainen jokatuko dute abuztuaren 10ean eta Irurita, Txantrea eta Ultzamaldea lehiatuko dira.

Finala Burlatako Ezkabazabal kiroldegian jokatuko dute abuztuaren 18an, 19:00etan, eta proba konbinatu bakoitzean sailkatutako lau talde onenak ariko dira.

 

Egin beharreko lanak

Helduen kategoriari dagokionez, iaz bezala, bi proba konbinatutan lehiatuko dira. Alde batetik lehenengo proban bortz modalitate izanen dituzte. Lagun bat lokotx biltzen ariko da, ondotik bi lagunek 30 kiloko zakua dutela bi itzuli eman beharko dizkiote 160 metroko plazari, gero aizkoran aritu beharko dira, lasterka egin beharko dute gero, txandaka bi lagun ariko dira, eta plazari bakoitzak hiru itzuli eman beharko dizkio 480 metro osatu arte. Bukatzeko arpanean aritu beharko dira; bikote mistoak osatuko dituzte eta etzanda jarritako metroko enborrari lau korte egin beharko dizkiote. Lan hauek hiru aldiz egin beharko dituzte eta gutxienez talde bakoitzean bi emakume ari beharko dira.

Bigarren proba konbinatuan bi kiroletan lehiatuko dira: txinga eramaten eta ingudea altxatzen. Lehenengo modalitatean 10 plaza osatu beharko dituzte ahalik eta azkarren, emakumeek 25 kiloko txingarekin eta gizonezkoek 50 kilokoarekin. Ingude altxatzean, minutu batean ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dituzte, gizonezkoek 18 kiloko ingudearekin eta emakumezkoek 9 kilokoarekin.

 

Gazteen txapelketa

Gazteen txapelketa ere jokatuko dute eta hiru talde ariko dira: Basaraiga (Basaburua, Arantza eta Igantzi), Antsoain eta Berriozar. Proba konbinatua eginen dute gazteek: lokotx biltzea, zakua eramatea, txingak, korrika, eta arpanean ari beharko dira. Hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta liga sistema erabiliko dute irabazlea aukeratzeko. Jardunaldiak uztailaren 27an Elizondon, abuztuaren 10ean Antsoainen eta abuztuaren 18an Burlatan jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun