Laxoa Elkarteak antolatutako Baztan-Errekako gazteen laxoa txapelketa uztailaren 25ean hasiko da. 12 eta 15 urte arteko pilotariak ariko dira: Doneztebeko hiru taldek eta Iruritako talde batek parte hartuko dute.
Doneztebe A taldean, Eneko Mutuberria, Oier Mendiburu, Haritz Goñi, Ibai Erkizia eta Eiden Eleta ariko dira; Doneztebe B taldean, Juan Jose Berrio, Ander Mutuberria, Ander Gorosterrazu, Ekain Juanena, Liher Isasi eta Iker Elizondo; Doneztebe C taldean, Kemen Villamea, Oihan Bañares, Ibai Zunzarren, Iñigo Telletxea, Oier Lopez eta Aitor Villamea eta Irurita A taldean, Mikel Iñarrea, Ibon Irazoki, Jon Villanueva eta Jokin Ripa.
Aipatu bezala, uztailaren 25ean, ortzegun arratsaldean hasiko da txapelketa eta denek denen kontra jokatuko dute, zazpi jokora, astearte, ortzegun eta larunbatetan. Ligaxkako bi lehenbizikoek finala jokatuko dute abuztuaren 10ean, 17:00etan Iruritan, bederatzi jokora. Aitzinetik, 16:00etan, hirugarren postua erabakitzeko partida jokatuko dute, zazpi jokora.
Lehen jardunaldia ortzegunean, bigarrena larunbatean
Uztailaren 25ean, ortzegunean 17:00etan jokatuko dute lehen jardunaldia. Doneztebe A eta Doneztebe B elkarren kontra ariko dira alde batetik, eta Irurita eta Doneztebe C, bertzetik.
Uztailaren 27an, larunbatean jokatuko dute bigarren jardunaldia. 16:00etan Doneztebe B eta Irurita izanen dira aurrez aurre eta 17:00etan Doneztebe C eta Doneztebe A.