Uztailaren 27an Galarretan jokatuko dituzten Jai Alai Summer Season erremonte txapelketako finalak erabakiak dira dagoeneko. A txapelketan, Barrenetxea IV.a eta Urriza izanen dira Aritz Juanenea saldiastarraren eta Ansa II.aren arerio. B txapelketan, berriz, Gurrutxaga eta Oier Apezetxea goizuetarra izanen dira Susperregi eta Aiestaran VI.aren kontrario.
Hain zuzen larunbatean jokatu zen txapelketako azken jardunaldiko partidak, finaletarako azken txartelak jokoan. A kategorian, Barrenetxeak eta Urrizak 2-1 (13-15, 15-13 eta 8-2) irabazi zieten Aldaberi eta Larrañagari. B kategorian, berriz, goizuetarren arteko lehian, Gurrutxagak eta Oier Apezetxeak 2-0 (15-8 eta 15-7) irabazi zieten Zalduari eta Aritz Zubiriri. Apezetxea izan zen partidako onena, sakearekin aginduz (9 tanto egin zituen)
Larunbateko jaialdiko hirugarren partidan, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Azpirozek 2-0 irabazi zieten Segurolari eta Martirenari.