Nafarroako erremonte txapelketan ere irabaziz hasi da Uterga

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 22a, 20:00

Mitxeo, Matxin III.a, Garrido (epailea), Agirrezabala eta Uterga ortziralean Irurtzunen. Gorriek irabazi dute txapelketako lehen partida.

Nafarroako Foru Komunitateko erremonte profesionaleko txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten ortziralean Irurtzunen. Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-20 irabazi zieten Matxin III.ari eta David Mitxeo doneztebarrari.

Doneztebeko aurrelaria izan zen partidako onena eta hamasei tanto egin zituen. Hasiera berdindua izan zen eta urdinak sei tantoko aldearekin aitzinetik ere izan ziren (6-12). Baina hamabosna eta hamaseina berdindu ondotik etorri zen Utergaren erakustaldia, 6-0ko partzialarekin lehenik (22-16) eta 8-0koaren gero (25-18tik 33-18ra). Hor hautsi zuten gorriek partida eta 35-20 irabazi zuten azkenean.

Txapelketako partidaren aitzinetik, lehen partidan ere ez zen berdintasun handirik izan eta Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Baztanek 30-17 irabazi zieten sanferminetako promozio txapelketa irabaztetik zetozen Mikel Mikelarena oiztarrari eta Markel Leatxe donamariarrari.

Asteazkenean Lerinen jokatuko dute txapelketako bigarren jardunaldia. Zeberio II.a eta Barricart, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira. Jaialdiko lehen partidan, Xanti Uterga doneztebarra eta Baztan, Matxin III.aren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun