Baztan-Bidasoko ostalariek ahotsa goratu eta sektorean errespetua eta jarrera ona sustatzeko ‘Kaixo eta mila esker’ kanpaina jarri dute abian. Eskualdean atzeman den arazoa ikustaraztea da helburua, eta bizikidetzan eta berdintasunean aitzinera egitea; alegia, ostalaritzako langileekiko gertatzen diren errespetu faltak, liskar sexistak, homofoboak, klasistak eta arrazistak salatzea eta baztertzea. Ekimenak Baztan-BIdasoa Turismo Elkarteak sustatu du, eskualdeko zenbait erakunderen eta ANAPEH elkartearen babesarekin.
Kaixo eta mila esker ekimenak Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko hainbat establezimenduren aldetik jasotako kezkak eta kexak ditu abiapuntu: ostalaritzan gertatzen diren errespetu faltekin nazkatuta bezain kezkatuta baitaude ostalariak. Jarrera horiek normaltzeko joera dagoen arren, ezin dira, inolaz ere, onartu. Hori dela eta, ostalariek ahotsa goratzea erabaki dute guztion erantzukizuna den arazoa mahai gainean jartzeko.
Kaixo eta mila esker kanpainaren helburua, gutxienez agurtzea eta eskerrak ematea da, tratu onen ikuspuntutik oinarrizko heziketaren printzipioa aintzat hartuta.
Kanpaina babesten duten elkarte eta erakunde publikoek, agurtzea oinarrizkoa dela deritzote, gerora arazo larriagoei aurre egiteko. Pertsona guztiek ulertu beharko lukete guri zerbitzuak eskaintzen ari diren pertsonak, izan zerbitzariak, izan sukaldariak zein harreragileak, lanbidearen gainetik pertsonak direla, eta bertzeok bezala, errespetua merezi dutela.
Normala al da establezimendu batean agurtu gabe sartzea? Normala izanen zen hori saltoki, bulego edo beste edozein lekutan? Ostalaritzan «normaltzat» jotzen da agurtu gabe bi kafe eskatzea; edo “Aizu!” oihukatuz zerbitzariari kontsumizioa eskatzea. Hori, ordea, ez da bertze sektoreetan gertatzen, eta ostalaritzan ere ezin da jarrera hori normalizatu.Ez hori, eta are gutxiago errespetu falta larriagoak, hala nola iruzkin arrazista, homofobo eta matxistak.
Eragile aktiboak
Turismo-denboraldian, zubi-egunetan, Eguberrietan, udan edo Aste Santuan, arazoa areagotu egiten da, baina kanpaina babesten duten eragileek herritar guztiak ekintzara deitu nahi dituzte, jarrera horiek turistekin zein tokiko herritarrekin zerikusia baitute. Sasoi berezietan arazoa areagotu egiten den arren, aipatutako jarrerak urte guztian zehar gertatzen dira.
Kanpaina, oinarrizkotik abiatzen da, baina sakonera jo nahi du, eta ostalaritzako lokaletan bereziki gertatzen diren errespetu faltak, jokabide sexistak, homofoboak, klasistak eta arrazistak eten.
Arazoa, baina, ez da soilik gure eskualdean gertatzen, hartara ekimenarekin bat egiten duten erakundeek, aurrerantzean Nafarroako ostalaritzan urratsak abiatzeko asmoa adierazi dute.
‘Kaixo eta mila esker’ ekimenari atxikitako establezimenduak eta erakundeak
- Urgain jatetxea
- Hostal Ansonea
- Lixoia ostatua
- Pablo Enea
- Tresanea
- Elortxuri jatetxea
- Dolaetxea
- Irigoieneko Benta
- Larraldea sagardotegia
- Olari jatetxea
- Pixtu ostatua
- Pizzeria Gloria
- Gaztelu Herriko Ostatua
- Bereko Benta
- Eskisaroi
- Hostal Ezkurra
- Malkorra goxotegia
- Hiru Ostatua
- Elbeteko Posada
- Donamariako Benta
- Burlada jatetxea
- Bortzirietako Mankomunitatea
- Malerrekako Mankomunitatea
- Baztango Udala
- Urdazubiko Udala
- Zugarramurdiko Udala
- Baztan-Bidasoa Turismo Elkartea