Irachek ohartarazi du kontsumitzaileen % 57k ez dakiela eskuko maletengatik ezin dietela kobratu hegazkin konpainiek

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 20a, 12:00

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai baten arabera, airelineek ezin diote bidaiariari eskuko ekipajea kabinan eramateagatik dirurik kobratu. Berriki, Espainiako Kontsumo Ministerioak 150 milioi euroko isuna jarri die Ryanair, Vueling, EasyJet eta Volotea konpainiei, eskuko ekipajea kobratzeagatik. Hala ere, berdin segitzen dute kobratzen eta, hortaz, gainkostua kobratu dieten bidaiariei erreklamazioa lehenbailehen tramitatzea aholkatu die Nafarroako Irache elkarteak.

70 euro arteko karguak ibilbide bakoitzarengatik

Arazo horregatik haserre, ehunka herritar joan dira hilabeteotan Irache Kontsumitzaileen Elkartera. Kasu gehienetan gertatu dena da bidaiariak poltsa ttiki bat edo maleta bat zeramala hegazkinaren kabinan eramateko. Hegaldiaren egunean, maleta kabinan eramateagatik kobratu diote, edo fakturatzera eta horren tasa ordaintzera behartu diote bidaiariari. Kostua aldatzen da konpainiaren, pisuaren eta hegaldiaren arabera, baina Irachek salatu duenez, 8 eta 70 euro artekoa izan daiteke kobratutakoa ibilbide bakoitzarengatik.

Eskuko ekipajea eramatea kontsumitzaileen eskubidea da

Aireko Nabigazio Legearen arabera, konpainiak «doan» garraiatu behar ditu kabinan, eskuko ekipaje gisa, «bidaiariak eramaten dituen objektuak eta fardelak», baita aireportuko dendetan egindako erosketak ere. «Segurtasun arrazoiengatik bakarrik ukatu ahal izanen da eskubide hori, objektuaren pisuarekin edo tamainarekin lotuta».

Joan den udazkenean, eurodiputatuek Europako Batzordeari eskatu zioten berma zezala EBko Justizia Auzitegiak 2014an emandako epai bat, konpainiek eskuko ekipajeagatik ezin zutela gehigarririk kobratu ebazten zuena, betiere «pisuari eta neurriei dagokienez arrazoizko baldintzak, eta aplikatu beharreko segurtasun baldintzak betez gero».

Horren ondotik, zenbait epailek dagoeneko adierazi dute babestu egiten dutela kontsumitzaileek hegaldian eskuko maleta bat gainkosturik ordaindu gabe eramateko duten eskubidea, eta bidaiariari kobratu bazaio, kargu hori itzultzera behartu dituzte hegazkin konpainiak.
 
Gaizki kobratutakoa erreklamatzera animatu du Irache elkartea
Irache elkartearen iritziz komenigarria izan daiteke erreklamazio bat jartzea aireportuan bertan, maleta ordaintzera behartzen dutenean, eta eskaera horren kopia bat gordetzea. Ondotik, kontsumitzaile elkartera joan daiteke, erreklamazio formalago bat egiteko. Dena den, Irache elkarteak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, «horrelako dozenaka kasu» kudeatzen ari dira dagoeneko.
 
Azken urteotan neurriak murrizten ari dira
Irachek ohartarazi duenez, garrantzitsua da txartela erosteko prozesuan edo bidaiatu baino lehen, kontsultatzea hautatu den hegazkin konpainia horrek dituen baldintzak eta prezioak zein diren, gero, ustekabekorik ez izateko.
 
Nolanahi ere, konpainia batzuetan ageri diren baldintzak nahasgarriak dira. Batzuetan, ekipajearen gurpilak edo heldulekuak sartzen dituzte neurrietan, edo eskuko maleta eta pieza osagarriak baimentzen dituzte, baina, gero, bi objektuen pisua gehitzen dute baimendutako muga ezartzerakoan.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun