Jai Alai Summer Season erremonte txapelketetako lehen finalistak zein diren gaur jakinen da

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 18a, 09:00

Juaneneak gaur garaipena lortzen badu, finalean izanen da, Ansa II.arekin batera. Barrenetxea eta Urriza izanen dituzte arerio.

Maila nagusian, Juanenea eta Ansa, Barrenetxea eta Urrizaren kontra ariko dira eta irabazlea finalean izanen da

Jai Alai Summer Season erremonte txapelketetako hirugarren jardunaldia jokatuko dute uztailaren 18an, ortzegunean 16:30ean Hasita Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Jaialdiko bigarren partidan, txapelketa nagusian, Aritz Juanenea saldiastarra eta Ansa II.a, Barrenetxea IV.aren eta Urrizaren kontra ariko dira. Bi bikoteek irabazi egin zuten txapelketako lehen partida eta, beraz, gaurko irabazleak finalerako txartela izanen du saritzat. Galtzaileak bertze aukera bat izanen du.

Bertze bi partidak B txapelketakoak izanen dira. Lehenbizikoan, Goikoetxea V.a eta Eskudero, Zaldua eta Arluziagaren ordez jokatuko duen Aritz Zubiriren kontra ariko dira. Bi bikoteek galdu egin zuten estreinako partidan eta, beraz, galtzailea txapelketatik kanpo geldituko da eta irabazleak bertze aukera bat izanen du. Jaialdiko hirugarren partidan, lehen jardunaldian irabazi zuten bi bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago: Gurrutxaga eta Oier Apezetxea goizuetarra, Susperregi eta Aiestaranen kontra. Bikote irabazlea finalean izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun