Euskal Jai Berri Fundazioak antolatutako San Fermin erremonte torneoko finalak jokatu zituzten ortzirale arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailan, Zeberio II.ak eta Ionek, iazko txapeldunek, ezin izan zioten txapelari eutsi eta amore eman zuten Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarren kontra (29-35). Aitzinetik, promozio mailako finala irabazi zuten Mikel Mikelarena oiztarrak eta Markel Leatxe donamariarrak, Jon Sagaseta iruritarra eta Barricart menpean hartuta (26-35).
Final nagusian, hasiera berdinduaren ondotik, gehiago izan zen Doneztebeko bikotea. Bana, launa, seina, zortzina eta bederatzina berdindu ondotik, sei tantoko aldetxoa hartu zuten (10-16, 11-17, 12-18 eta 14-20). Bazirudien partida bideratua zutela doneztebarrek, baina hogeina berdindu zuten Zeberio II.ak eta Ionek. Ez zuten markagailuan aitzinetik jartzea lortu, ordea, eta bukaerara arte gehiago izan ziren Uterga eta Mitxeo. Aurrelariak 19 tanto egin zituen eta atzelariak 7, horietatik 2 sakearekin.
Promozio mailako finala ere berdintsua izan zen, baina lehenago hautsi zen. 8-9koaren ondotik hamar tanto segidan egin zituzten Mikelarenak eta Leatxek (8-19) eta zortzi-hamabi tantoko aldeari eutsi zioten bukaera arte, promozio mailako txapela janzteko (26-35).