Euskal Jai Berri Fundazioak antolatutako San Fermin erremonte torneoko finalak jokatuko dituzte uztailaren 12an, ortziralean 17:00etan hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du jaialdia. Lehen mailan, Zeberio II.a eta Ion (iazko txapeldunak), Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira. Aitzinetik, promozio mailako finala jokatuko dute Mikel Mikelarena oiztarrak eta Markel Leatxe donamariatarrak, Jon Sagaseta iruritarraren eta Barricarten kontra.
Ortzegunean jokatutako lehen mailako finalerdian 1-11 agintzen hasi ziren Matxin III.a eta Aimar Saldias oiztarra, Utergaren eta Mitxeoren kontra. Baina doneztebarrek, markagailua irauli eta 35-32 urabazi zuten. Promozio mailakoan ere buelta izan zen. Iturregi eta Agirrezabala aitzinetik izan ziren lehen zatian, baina 26na berdindu ondotik, Sagaseta eta Barricart gailendu ziren.
Asteazkeneko finalerdietan, berriz, lehen mailan, Zeberio II.ak eta Ionek 35-20 irabazi zieten Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Otanori. Promozio mailakoan, Mikel Mikelarena oiztarrak eta Markel Leatxe donamariatarrak 35-27 irabazi zieten Sagasetari eta Barricarti.