Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Sanferminetako Kantu Jaia antolatu du Angel Mariezkurrenak larunbat honetarako, uztailaren 13rako. Kantu zaharrak, euskal kantak, dantzak eta folklorea maite dutenek hitzordu ederra izanen dute Baluarten. Aitzineko edizioetako argazki hauetan ikus daitekeen bezala, giroa ziurtatua izanen da. 14:00etan bazkaria eginen dute eta aurten, lehenbiziko aldiz, 20:00etan afaria. Tartean, ez da kantarik eta musikarik faltako, eta horretarako gonbidatuak izanen dituzte.
Barañaingo erraldoiak, Leitzako dantzariak eta Zubietako joaldunak jaialdian izanen dira, baita Aitor Ibarra, Francisco Santxotena eta Beñat Mitxelena musikariak ere. Kantari, berriz, Juanpa Agirre, Jon Gurrutxaga, Jaione Olazabal eta familia ariko dira.
Bazkarirako eta afarirako txartelei dagokienez, helduenak 80 eurotan erosten ahal dira; 13 eta 16 urte bitarteko gazteenak 20 eurotan eta haurren menua 15 eurotan. Joaten direnek kantuen liburua hartuko dute opari.