Hitzarmenaren bidez, Eusko Ikaskuntzak eta TOKIKOMek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatu eta zorroztasuna lortzeko.
Horretarako, bi erakundeek ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute, eta elkarren lan batzordeetan parte hartzekoa ekarpen adierazgarriak egin ditzaketen kasuetan. Hitzarmenean jasotzeko lanen jarraipena egiteko batzorde bat ere eratuko dute erakundeok, elkarrekin egin beharreko lanak adostu zein egindakoen balorazioa egiteko.
Eusko Ikaskuntzaren lehendakari Ana Urkizaren hitzetan, «hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik». Azpimarratu nahi izan du, halaber, «TOKIKOMen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa da, gizartearengana heldu eta eurekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan».
TOKIKOMetik, berriz, «hitzarmenak aukera emango die toki komunikabideei Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko» azpimarratu du zuzendariak, Alaitz Artolazabalek.
Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, TOKIKOM Eusko Ikaskuntzak urriaren 2an, 3an eta 4an Gasteizen antolatu duen Elkartzen Gaituena XIX. Kongresuko babesle izatera pasako da.
Eusko Ikaskuntza erakundea 1918an sortu zen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko.
TOKIKOM, berriz, 2012an sortu zen, Euskaltzaleen Topagunean bildutako toki komunikabideen ekimenez, eta 78 toki komunikabide batzen ditu gaur egun, sektorearen behar bereziei modu eraginkorrean erantzuteko.