Sanferminen ondotik abiatuko da Nafarroako Foru Komunitatearen XIX. erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 5a, 18:30

Nafarroako Foru Komuniteko torneoa jokatuko duten erremontistetako batzuk, antolatzaileekin batera, Iruñeko Kondestable jauregian ortzegunean egindako aurkezpenean.

Euskal Jai Fundazioko sei bikote ariko dira, uztailaren 19an hasita eta urriaren 5ean jokatuko dute finala Zubirin

Sanferminen ondotik, uztailaren 19tik urriaren 5era jokatuko da Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitatearen XIX. erremonte profesionaleko txapelketa. Hamaika herrietara ailegatuko da txapelketa, baina bakar bat ere ez eskualdekoa. Hori bai, eskualdeko erremontistek protagonismo berezia izanen dute ADANO elkartearen alde jokatuko den txapelketa honetan.

Sei bikotek parte hartuko dute, bi multzotan banatuak. A multzoan, Xanti Uterga doneztebarra eta Markel Leatxe donamariatarra; Matxin III.a eta David Mitxeo doneztebarra eta Xuban Iturregi iruritarra eta Aimar Saldias oiztarra ariko dira. B multzoan, berriz, Zeberio II.a eta Barricart, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion eta Jon Sagaseta iruritarra eta Otano ariko dira.

Txapelketa uztailaren 19an abiatuko da Irurtzunen eta Lerinen uztailaren 24an, Mendabian abuztuaren 10ean, Hendaian abuztuaren 17an, Milagron abuztuaren 24an eta Artaxonan irailaren 1ean jokatuko dituzte lehen faseko partidak. Finalerdietarako sailkatuko dira multzo bakoitzeko lehenbiziko bi bikoteak eta finalerdiak jokatuko dituzte irailaren 7an Garesen, irailaren 15ean Zangozan, irailaren 21ean Irunberrin eta irailaren 28an Ribaforadan. Finalerdietako irabazleek final nagusia jokatuko dute urriaren 5ean Zubirin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun