Saharaztan elkarteak azaldu duenez, «Tindufen bizitoki duten errefuxiatu kanpamentuetatik atera dira eskualdera ailegatu diren 11 neska-mutiko sahararrak. Nafarroan 98 haurrek pasako dute udan, horietatik 4 Malerrekan, 1 Bertizaranan eta 6 Baztanen: Kente, Brahim, Wahna, Mohamedu, Mohamed, Haya, Mohamed, Uafa, Sidena, Nayat eta Nana izanen dira gure osasun etxeetan oinarrizko arreta jaso eta harrera familiekin egunerokoan uda giroaz gozatzera etorri direnak; igerileku, plaza, herriko besta edo dendetan ikusiko, entzungo eta ezagutuko dituzuenak».
Pandemiaren ondotik harrera familia kopurua ttipitu bazen ere, «gure eskualdean tantaka-tantaka pertsona gehiago bat egiten ari dira proiektuarekin eta kopurua handitzen ari da. Azpimarratu nahi dugu, harrera familia izateko, hainbat familia eredu ditugula: aita edo ama bakarrak, aitatxi-amatxiak, haurrik gabeko bikoteak, haurrak dituzten familiak… Beraz ea hurrengo urtean kopurua handitzen segitzeko erronkarekin bat egiten duten eskualdeko herritar gehiagok».
Hurrengo asteetan Nafarroa mailako harrera instituzionalak izanen dituzte: parlamentuan, Nafarroako Gobernuan… eta eskualdean, Baztango Udalean harrera izanen dute uztailak 12an, 11:00etan. Horrekin batera ANAS elkarteak antolatutako aisialdi elkarguneak ere izanen dituzte; Sendavivara irteera, Lacturalera… «gurean ere Bertizen elkartzeko hitzordua eginen dute. Eta bestelakoan, haur bakoitza egokitu den familiaren egunerokotasunean txertatuko da udaz gozatzeko; ahal den neurrian elikadura aukerak zabalduz, oinarrizko osasun arretak jasoz, gure hizkuntza eta kultura ikasiz eta beraien errealitatea hizpidean jarriz».
Haur hauen egonaldiak iraunen duen asteetan Baztango Udalean Saharako bandera ikusgai izanen da, «entitate honek egitasmo honekiko duen atxikimendua agertzeaz gain, Saharar herriak pairatzen duen errealitatearekiko elkartasuna agertzeko. Opor programa honen mantentzea, zoritxarrez, urteetan luzatzen ari den gatazka baten ondorioa baita».