Zer egin telefonoa galdu edo lapurtu badizute?

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 6a, 10:00

Lehenik eta behin, telefono zenbaki horretara deitu behar dugu. Batzuetan, gerta daiteke nahi gabe erori zaigula, eta litekeena da norbaitek zure deiari erantzutea eta telefonoa berreskuratzea. Eta suerterik ez badugu, saiatu bertze bide hauekin:

 

Android sistema duten telefonoetan:
Android sistema duen telefono bat baldin badugu, konektatu bertze telefono edo ordenagailu bat erabiliz galdu berri duzun edo lapurtu berri dizuten mugikorrari lotutako Google kontuan, logina egin eta bilatu dauden tresnen artean Bilatu nire gailua dioena. Tresna horri esker, hainbat utilitate izanen ditugu lapurren sarbidea saihesteko eta telefonoa aurkitu, blokeatu eta datuak ezabatzeko. 
 
IOS sistema duten telefonoetan:
IOS gailuen kasuan (Apple) ere antzerako da prozesua. Logeatu Apple kontuan duzun IDarekin eta sartu Buscar mi iPhone funtzioan. Hor ikusiko dituzu Apple kontuari lotuta dituzun gailu guztiak (iPhone, iPad…) eta gailu guztien kokapena ikusiko duzu berehala. Gailua galdutzat markatu ere egin dezakezu, harremanetarako telefono batekin, norbaitek aurkitzen badu ere, eta, Android-en bezala, Gailua blokeatu edo Gailua urrunetik ezabatu egin dezakezu.
 
SIM txartela blokeatu
Lapurtu duenak telefonoa itzali baldin badu, SIM txartela blokeatu behar da eta telefonoaren linea eten, zure lineatik deirik egin ez dezaten. Operadore guztiek telefono zenbaki bat edo eremu pribatu bat dute beren web orrietan, kudeaketa horiek egiteko.
 
Garrantzitsua da telefonoaren IMEIa gordeta izatea. Zenbaki hori telefonoaren kutxan aurki daiteke edo *#06# telefonora deitu lor dezakegu.
 
Salatu lapurreta Foruzaingoan
Zure datu pertsonalak ziurtatu ondotik, egokiena Foruzaingora joatea da, salaketa jartzeko. Salaketan horretan telefonoaren marka, modeloa eta IMEIa jarri behar dira.
Telefonoa berreskuratzen baduzu, linea desblokea dezakezu berriz ere telefono operadoreari deituz.
 
Aldatu pasahitzak eta ezabatu datuak
Ebasketaren helburua gailuak izan ohi diren arren, gure telefonoak segurtasun patroirik (hatz marka, aurpegia…) edo PINik ez baldin bazuen, komeni da lapurtutako telefonoan zeuden kontu guztien pasahitzak aldatzea, sare sozialak, posta elektronikoak, bankuko app-ak eta zure kreditu txartela gordeta zenuen app-ak barne, lapurrek horretarako sarbide librea izan baitezakete. Gogoratu behar da, konparaziora, gaur egun nahiko arrunta dela telefono mugikorra erabiltzea ordainketak egiteko, eta desblokeatutako telefonoak txartelarekin ordainketak egiteko aukera ematen duela.
 
Horregatik, garrantzitsua da kode bat (PINa) edo sarbide patroi seguru bat (hatz marka, aurpegia…) izatea, bertze norbait gailura ezin sartzeko moduan, eta arrunt garrantzitsua da mugikorraren IMEIa (gailuaren identifikatzaile bakarra) gordeta izatea, operadore mugikorrekin egin beharreko izapideak azkartzen laguntzen baitu, gailua blokeatu eta Foruzaingoan salatu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun