Jai Alai Summer Season erremonte txapelketa aurkeztu du Oriamendik

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 2a, 18:00

Jai Alai Summer Season txapelketa astelehenean aurkeztu zuten Donostian, Kursaaleko terrazan. Argazkia: Maialen Andres

A txapelketako bikotetako erremontista gehienek lekuz aldatuak jokatuko dute

Jai Alai Summer Season erremonte txapelketaren bigarren edizioa aurkeztu dute uztailaren 1ean, astelehenean, Donostiako Kursaaleko terrazan. Txapelketa hau lehiaketa formatuetan berritzeko asmoarekin sortu zen eta aurten ere berrikuntza garrantzitsuak ekarriko ditu. Erremontistek euren ohiko posizioetatik kanpo jokatuko dute eta bikote berriak osatuko dira. Joko dinamika berri hauek ikuskizun berezi eta zirraragarria eskainiko dute bai zale beteranoentzat, baita kirol honetara lehen aldiz hurbiltzen direnentzat ere.

Aurten lehiaketa sistema da berrikuntza nagusia. Lau bikotek A Torneoa jokatuko dute eta bertze lauk B Torneoa.

Kanporaketak izanen dira, baina galtzailea ez da automatikoki kanporatuko, errepeska koadrora joanen dira. Bi partida galdu beharko dira kanporatuak izateko. Lehen bi kanporaketetako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute, eta bigarren partida horretako irabazlea zuzenean joanen da finalera. Lehen partidako galtzaileak errepeskara joanen dira eta beraien arteko neurketako irabazleak aitzinera eginen du eta galtzailea kanporatuta geratuko da. Lehen errepeskako irabazleak, bigarren partidan, lehen irabazleek jokatuko duten partidako galtzailearen kontra jokatuko du. Eta partida honetatik bigarren finalista aterako da.

A txapelketan, Juanenea aurrelari eta Ezkurra II.a atzelari

Txapelketa uztailaren 11n, ortzegunean, hasiko da Galarretan. Txapelketa hasiko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV.a-Urriza, Juanenea-Ansa II.a, Azpiroz-Ezkurra II.a eta Aldabe-Larrañaga. Azken bikote hori da ohiko posizioak mantentzen dituen bakarra. Gainerakoak lekuz aldatzen dira eta ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute eta atzelariek aurrelari gisa.

Bortz jardunaldi jokatuko dituzte eta azkenekoan finala jokatuko da. Gainerako jardunaldiak uztailaren 11, 13, 18 eta 20an jokatuko dira.B txapelketak formatu bera du, baina hemen ez da posizio aldaketarik egonen eta bakoitzak berea mantenduko du. Bikoteak honako hauek izanen dira: Goikoetxea V-Eskudero, Gurrutxaga-Apezetxea, Susperregi-Aiestaran VI eta Arluziaga-Zaldua I.
Jaialdi guztiak 16:30ean hasiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun