Bi jardunaldiren faltan, Adosen binakako San Fermin Torneoaren finalistak erabakiak

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 17:00

Erratzuko jaialdian Oskozek eta Galeanok (gorriz) irabazi zieten Aldaregiari eta Mujikari, finalerako lehen txartela lortuz. Argazkia: Maider Petrirena

Oskozek eta Galeanok, Iturriaga leitzarraren eta Zabalaren kontra jokatuko dute uztailaren 12an Labriten

Adosen III. San Fermin torneoko bi jardunaldi jokatu dituzte asteburuan, larunbatean Erratzun eta igandean Eulaten. Oraindik bi jardunaldi falta badira ere (uztailaren 5ean Iruñean eta uztailaren 9an Lesakan), erabakigarriak suertatu dira, irabazleek uztailaren 12an Labriten jokatuko den finalerako txartela eskuratu baitute.

Larunbatean Erratzun, Oskozek eta Galeanok 22-17 irabazi zieten Aldaregiari eta Mujikari eta, honenbertzez, jokatu dituzten bi partidak irabazita, finalerako txartela eskuratu zuten gorriek.

Igandean Eulaten bertze horrenbertze egin zuten Iturriaga leitzarrak eta Zabalak, 22-13 irabazi baitzieten Aranbururi eta Ruiz de Larramendiri.

Zabala, Iturriaga leitzarra, Ruiz de Larramendi eta Aranburu Eulaten. Urdinek irabazi eta lortu zuten finalerako bigarren txartela.

 

Uztailaren 5ean Iruñean eta uztailaren 9an Lesakan

Honela, uztailaren 5ean Iruñean eta 9an Lesakan jokatuko dituzten binakako partidek ez dute eraginik izanen sailkapenean. Halere, lau eta erdiaren barreneko txapelketako finalerdiak ere jokatuko dituzte jaialdi horietan. Iruñean, Goiuri Zabaleta leitzarra, Ibarrolaren kontra ariko da eta Lesakan, Barrokal eta Ruiz de Infante izanen dira aurrez aurre.

Binakako nahiz lau eta erdiaren barreneko final handiak Iruñeko Labriten jokatuko dituzte uztailaren 12an, 11:30ean hasiko den jaialdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun