120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonak eta enpresak dira zerrendan ageri direnak eta zor kopurua 2023ko abenduaren 31ri dagokio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerrenda argitaratu aitzinetik, zordun guztiei jakinarazi zien zerrendan agertuko zirela eta zor osoa kitatzeko aukera zutela zerrenda horretan ez agertzeko.
Dena den, Nafarroako Ogasunak aurten argitaratu duen zerrendak iazkoak baino 10 zordun gehiago ditu, eta zorraren zenbateko osoa 12 milioi euro gehitu da 2022ko kopuruarekin alderatuz gero. Izan ere, 2022ko zerrendan agertzen ez ziren 43 zordun berri daude 2023ko zerrendan eta 33 baja izan dira hainbat arrazoirengatik, hala nola hartzekodunen konkurtsoa bukatzeagatik, zorra 120.000 euro baino gutiagora jausteagatik edo zorraren ordainketa epea luzatzeagatik.
Eskualdeko dozena bat enpresa daude zerrendan, horietako batzuk itxita eta likidazioan daudenak.
Zordunen zerrendan ageri diren 653 pertsona edo enpresen artean, dozena bat eskualdekoak dira. Horien artean, aipagarrienak Doneztebeko Aparan SL eta Maderas Zabala SA, Goizuetako Apezetxea Anaiak SL eta Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL dira. Laurak aspaldi itxi bazituzten ere, Aparanek 745.521,87 euroko zor metatuarekin segitzen du (iaz bezala), Maderas Zabalak 647.122,70 euroko zorra du (iaz baino 54.143,37 euro gehiago), Goizuetako Apezetxea Anaiak eraikuntza enpresak 472.882,62 euroko zorra du eta Ayala Instalaciones Eléctricas SLk 477.379,10 eurokoa (iaz bezala).
Nafarroa osoko datuei begiratuz, sektoreka, eraikuntza sektorekoak (214 zordun) eta ostalaritzakoak (142) dira Nafarroako Foru Ogasunarekin zor handiena dutenak. Eta gorago aipatutakoez gain, gure ingurukoak diren enpresen artean badaude bi sektore horietako enpresak ere: Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay 278.858,69 euroko zorrarekin, Construcciones Baztangoiza 178.927,14 euroko zorrarekin, Construcciones Arraiotz 134.940,42 euroko zorrarekin edo Urtxola Jatetxea 136.495,43 euroko zorrarekin.
Gainerakoan, Goizuetako Maderas Arraetxe SLk 264.547,93 euroko zorra du Ogasunarekin, Berako Bera Rubber's SLk 171.621,62 eurokoa eta Egoki Leitzakoa SCL enpresak 150.156,45 eurokoa. Nafarroako Ogasunak publiko egin duen zerrendan ageri dira guztiak.
Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (108,9 milioi euro). Haren ondotik datoz isunak eta zigorrak (56,4 milioi) eta atzerapen espedienteak (56,4 milioi euro).