Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirol Departamentuak sare sozialetan bideo bat argitaratu du aste honetan, Foru Komunitatea helmuga «inklusibo eta bere dibertsitateaz harro» erakusten duena, LGTBI+ kolektiboko pertsonek lurraldeko toki esanguratsuenetako batzuetatik egiten duten bidaia baten bidez. Horien artean daude Zugarramurdiko leizea edo Amaiur, bertzeak bertze.
Egunero zutaz maitemintzea izenburupean, bideoa road movie edo errepideko film gisa planteatua dago. Hainbat pertsona eta bikote ikusten dira Nafarroan zehar, Zugarramurditik Errege Bardeetara, toki bakoitzean etenaldiak eginez gastronomia, paisaia eta ondare kulturalaz gozatzeko.
Promozio ekintza LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin batera abiatu da, ekainaren 28an, ostiralarekin. Lehen aldia da Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak publiko horrentzako eta harekin elkarlanean kanpaina berezi bat egiten duena.