400 ikasle eta irakasle baino gehiagok parte hartu dute Lurretik Ikasiz ekimenean

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 26a, 20:00

Argazkia: Arantzako eskolak utzitakoa. Anizko Jauregia Esnekiak-en ateratakoa da.

Elikadura, ekoizpena eta hezkuntza uztartzeko asmoz, Lurretik Ikasiz proiektua garatu dute ikasturte honetan Baztango, Bortzirietako eta Xaretako zazpi ekoizlek. Euren etxaldeetako lan egiteko moduak ikastetxeetako haurrei eta gazteei erakusten aritu dira eta ikasturtea bukatuta, «balorazio positiboa» egin dute.

Lurretik Ikasiz proiektuko lantaldeak ohar bidez jakinarazi duenez, «20 bisita inguru eskaini ditugu eta 400 ikasle eta irakasle baino gehiagok eskualdean dauden ekoizpen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Guk arras gustura hartu ditugu, gure lanaren nondik norakoak partekatzeko tarte polit bat izan dugu eta».

Ikasturte honetan lehenbiziko aldiz paratu dute martxan proiektua, eta heldu den ikasturtean emanen diote segida: «Berriz ere gogotsu helduko diogu ekimenari, elikadura iraunkor baten inguruko lanketa mantso-mantso ohitura bihurtuko den esperantzaz». Horrekin batera, «elikadura iraunkor baten inguruko sentsibilizazioa egitearen ardura herritar guztioi dagokigula» gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun