Doneztebe Apeztegiak eta Arraioz Sagardiak jokatuko dituzte finalerdi handiak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 25a, 15:00

Arraiozen jokatutako final laurdenetako partida astelehenean jokatu behar izan zuten eta herriko Sagardia taldea joko bakarragatik nagsitu zitzaion Oiz Bri (9-8).

Larunbatean eta astelehenean jokatutako laxoa txapelketako final laurdenetan irabazi egin zieten finalerdi ttikiak jokatu beharko dituzten Irurita Migeleneri eta Oiz B

Asteburu honetan jokatu dira Laxoa Elkarteak antolatutako Nafarroako 44. Laxoa txapelketako final laurdenak. Lehen partidan, Doneztebe Apeztegiak eta Irurita Migelenek jokatu zuten. Bigarren partidan, Arraioz Sagardiak eta Oiz Bk jokatu zuten.

Lehen partidan, Doneztebekoek beraien plaza aprobetxatu zuten eta partida 9-5 irabaztea lortu zuten. Bigarren partida ere larunbatean jokatzekoa zen, baina euria dela eta, azkenean, astelehenan jokatu zen. Arras partidu parekatua izan zen eta azkenean, baztandarrek irabaztea lortu zuten: Arraioz Sagardiak 9-Oiz Bk 8.

Horrela bada, Doneztebe Apeztegia eta Arraioz Sagardia taldeek, finalerdi handirako txartela lortu zuten eta bertan Doneztebe The Moment eta Oiz A izanen dituzte esperoan, hurrenez hurren. Irurita Migelene eta Oiz Bk, aldiz, final erdi txikirako txartela lortu dute. Doneztebeko Menditxuri eta Titi taldeen aurka jokatuko dute, hurrenez hurren.

Asteburu honetan, atsedenaldia izanen dute taldeek eta gero, finalerdietako kanporaketak hasiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun