Adosen San Fermin Torneoko lehen partida irabazi egin du Iturriagak eta galdu Etxebestek

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 24a, 19:00

Iturriaga leitzarra bere burua lurrera botaz pilota altxatzen Ubideko partidan. Gorriek lana gogotik egin behar izan zuten markagailua iraulie eta partida irabazteko.

Larunbatean Etxebeste beratarrak eta Mendiburuk galdu egin zuten Oskozen eta Galeanoren kontra Cortesen eta igandean Iturriaga leitzarrak eta Zabalak irabazi egin zieten Arrietari eta Orbegozori Ubiden

Udaberriko Bertso pilota txapelketa berezia bukatu orduko, Adosen San Fermin torneoa abiatu da asteburu honetan. Jardunaldi bikoitza izan da. Larunbatean Cortesen jokatutako partidan Oskozen eta Galeanok 22-15 irabazi zieten Etxebeste beratarrari eta Mendibururi. Gorriak aitzinetik ibili ziren hasiera, baina azkeneak urdinak gailendu ziren. Igandean Ubiden jokatutako partidan Iturriaga leitzarrak eta Zabalak 22-17 irabazi zieten Arrietari eta Orbegozori. Hemen ere markagailua irauli zuten irabazleek. Izan ere, urdinak aurretik ibili ziren hasieran, baina azken txanpan, partida berdintzea ez ezik, irabaztea lortu zuten gorriek.

Mendiburu eta Irantzu Etxebeste beratarra gorriz, Galeanok pilota nola astintzen duen begira, Cortesen.

Ekainaren 29an Erratzun eta uztailaren 9an Lesakan

Txapelketa honetako hirugarren jardunaldia Erratzun jokatuko dute ekainaren 29an. Etxekolonea zubietarrak eta Galeano, Etxebeste beratarraren eta Mendibururen kontra jokatuko dute. Ekainaren 30ean Eulaten jokatuko dute Aranburuk eta Ruiz de Larramendik, Arrietaren eta Orbegozoren kontra.

Uztailaren 5ean Iruñean jokatuko dute Etxekolonea zubietarrak eta Galeanok, Aldaregiaren eta Mujikaren kontra. Lau eta erdiaren barreneko buruz buruko txapelketa ere jokatuko dute San Fermin Torneoan eta Iruñean jokatuko dute lehen finalerdia Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Ibarrolak.

Uztailaren 9an Lesakan jokatuko den azken jardunaldian erabakiko dira finalistak. Binakako partidan Iturriaga leitzarra eta Zabala, Aranbururen eta Ruiz de Larramendiren kontra ariko dira eta lau eta erdiaren barrenean, Barrokal eta Ruiz de Infante izanen dira aurrez aurre.

Binakako nahiz lau eta erdiaren barreneko final handiak Iruñeko Labriten jokatuko dituzte uztailaren 12an, 11:30ean hasiko den jaialdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun