Sorginxuloko oihartzunak hedatu ditu Lesakako musika bandak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 24a, 14:30

Herriko musika eta kultur taldeak oholtzara igo dira eta Leitzako Jeiki abesbatzari omenaldia ere egin diote

Lesakako musika bandak Sorginxuloko Oihartzunak izeneko kontzertua eman du udal pilotalekuan igande eguerdian. Hasiera batean Eskol Ttikiko aparkalekuan egitekoa zen, baina euriagatik, lepo beterik zegoen udal pilotalekuan egin zuten. Emanaldiaren oinarria musika banda izan bazen ere, herriko bertso eskolako bertsolariek, dantzariek, txistulariek, soinulariek, trikitilariek, Lesakako abesbatzak eta gaiteroek ere parte hartu zuten emanaldi bikainean. Kontzertua aurkeztu zuen Eneko Fernandezek, udaleko kultur zinegotziak, aipatu zuen bezala, «Lesakako kultur eskaintza oparoa plazaratzeko» emanaldia izan zen.

Oroigarria Jeiki abesbatzari

50. Urteurrena ospatzen ari den Leitzako Jeiki abesbatzak ere parte hartu zuen. Vinaixa Gartzia kontzertuko lehen emanaldia zuzendu zuen eta gero, Mikel Iriarte Lesakako musika bandako zuzendariak ez ezik, Egoitz Telletxea bandako musikariak eta Lesakako Abesbatzako Marisol Perezek ere zuzendu zuten piezaren bat edo bertze. Bukaeran, oroigarria (Lesakako zaku zaharraren irudia) eman zion Mikel Iriartek Jeiki abesbatzako Vinaixa Gartzia zuzendariari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun