Bera-Baztan ttikietan eta Doneztebe-Larraun handietan izanen dira herriarteko pilota txapelketako finalistak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 24a, 12:00

Doneztebeko nagusiek irabazi zuten larunbatean Altsasun Zizurren kontrako finalerdian. Uztailaren 7an Larraunen kontra jokatuko dute finala Labriten.

Nafarroako herriarteko pilota txapelketako finalerdiak jokatu dituzte asteburu honetan eta Leitza bi kategorietan finaletik kanpo gelditu da

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finalerdiak jokatu dituzte asteburu honetan, ttikien mailakoak Sunbillan eta nagusienak Altsasun. Joan den urtean Leitza izan zen bi finaletan eta oraingoan bietan finaleko atarian gelditu da. Ttikietan Berak eta Baztanek jokatuko dute finala uztailaren 7an Labriten eta nagusietan, Doneztebe eta Larraun izanen dira aurrez aurre.

Ttikien finalerdiak Sunbillan

Ttikien mailako finalerdiak Sunbillako frontoian jokatu dituzte. Alde batetik, ortziralean, Berako taldeak Lizarrakoa izan zuen kontrario eta hiru partidak irabazi zituzten beratarrek: benjaminetan, Berako Lizardik eta Ugaldek 18-4 irabazi zieten Lizarrako Etxeberria eta Perali; alebinetan, Berako Goñik eta Zubietak 18-6 irabazi zieten Lizarrako Nuini eta Perali eta infantiletan, Berako Igoak eta Lazkanotegik 18-13 irabazi zieten Lizarrako Elbustori eta Lopezi.

Eta bertzetik, larunbatean, Leitza eta Baztan elkarren kontra aritu ziren. Hemen 2-1eko emaitza izan zen, kasu honetan Baztanen alde. Benjaminetan, Baztango Etxenikek eta Jaurenak 18-6 irabazi zieten Leitzako Saizarri eta Baraibarri. Alebinetan, Baztango Otxandorenak eta Agestak 18-16 irabazi zieten Leitzako Olaizolari eta Zabaletari eta infantiletan, Leitzako Sagastibeltzak eta Ugartemendiak 18-13 irabazi zieten Baztango Brañari eta Agestari.

Handien finalerdiak Altsasun

Handien kategorietako finalerdiak Altsasun jokatu dituzte. Larunbatean Doneztebe eta Zizur aritu dira. Kadetetan, Doneztebeko Fagoagak eta Anzizarrek 22-18 irabazi zieten Zizurko Goñiri eta Gomezi. Jubeniletan, Doneztebeko Eskuderok eta Santestebanek 22-20 irabazi zioten Zizurko bikoteari eta nagusietan, aldiz, Doneztebeko Elizaldek eta Agirrek 17-22 galdu zuten Zizurko bikotearen kontra. Halere, 2-1eko emaitzarekin, Doneztebek lortu zuen finalerako txartela.

Beraz, final nagusian ere eskualdeko bi herriren arteko lehia ikusteko aukera izan zitekeen, baina igandean Larraunek hiru partidak irabazi zizkion Leitzari. Kadetetan, Larraungo Ijurkok eta Olletak 22-12 irabazi zieten Leitzako Baleztenari eta Alkortari; jubeniletan, Larraungo Eguzkitzak eta Galartzak 22-15 irabazi zioten Leitzako Sagastibeltzari eta Bengoetxeari eta nagusietan, Larraungo Galartzak eta Gurreak 22-12 irabazi zieten Leitzako Txoperenari eta Goikoetxeari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun