Saharatik etorri diren neska-mutikoak laguntzeko elkartasun deialdia egin du Saharaztan elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 21a, 12:30

Aurten ere Saharako haurrek gurean pasako dute uda.

Saharaztan berriz ere martxan da: uda sartu berritan hurrengo egunetan etorriko baitira gure herrietara Saharar errefuxiatuen kanpamenduko 10 neska-mutikoak eta beraz harrera familia berriei ongi etorria, errepikatzaile eta elkarteko kide direnen arteko bilkurak eta bertze prestaketak egin berri ditu.

Elkartasun deialdia

ANAS elkarteak jakinarazi duenez, «gaur gaurkoz Nafarroan 15 neska-mutil geratu dira harrera familiarik gabe. Bakoitzaren egoera desberdina da: batzuk, aurreko urteetan etorritakoak dira baina aurtengoan familiarik lortu ez dutenak; beste batzuk, iaz gurekin egoitzan izandakoak dira. Bakarren bat lehen aldiz etorri da mediku-azterketak egitera osasun edo ezintasun arrazoiengatik. Eta baditugu ere iaz hemen zirela ebakuntzak izan eta mediku-berrikusketa egitera etorri direnak. Guztiek Orkoienen utzi diguten ikastetxe batean pasako dute uda».

Gauzak honela, harrera familia izatea ezinezkoa egin baina Oporrak Bakean programarekin lagundu nahi dutenek, oraindik ere hainbat aukera dituzte horretarako:

Diruz lagundu daiteke (ahal den neurrian) Asociación Navarra Amigos del Sahara kontuan dohaitza eginez: 

ES93 3008 0001 1107 0036 5729 edo bizum eginez 626 502 495 (Carol). 

Donazioa egiterakoan izena, abizenak eta NAN zenbakia jarriz gero, hurrengo urteko errenta aitorpenean kenkaria eginen da.

Orkoiengo ikastetxean bisitak egiten ahal dira, apadrinatu den haurra ezagutu eta aisialdi denbora partekatzeko.

Zalantzak argitzeko harreman bideak: 626 50 24 95 edo asociacionanasnavarra@gmail.com

«Guztion artean, elkartasunez, neska-mutiko hauek ere uda ahaztezina bizi dezaten posible egiten ahal dugu. Milesker! Sukram!», dio mezuak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun