Urrizak eta Martirenak Ezkurra II.aren eta Azpirozen kontra jokatuko dute Sagardoaren txapelketako finala ekainaren 24an

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 21a, 13:00

Finalerdiak irabazi ondotik, finalerako pilotak bereizi zituzten Urrizak, Martirenak, Ezkurra II.ak eta Azpirozek. Argazkia: Maialen Andres

Ortzegunean jokatutako finalerdietan Ansa II.ari eta Zubiriri eta Jabalerari eta Barrenetxea IV.ari irabazi zieten, hurrenez hurren

Oriamendik antolatutako Sagardoaren txapelketako finalerdiak jokatu zituzten ekainaren 20an, ortzegunean, Hernaniko Galarretan.  Lehen finalerdian, Alorrenea sagardotegiaren izenean ari diren Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Azpirozek 2-0 (15-12 eta 15-8) irabazi zieten Oialume Zar sagardotegiko Aimar Jabalera doneztebarrari eta Barrenetxea IV.ari. Bigarren finalerdia berdinduagoa izan zen, baina Aburuzako Urrizak eta Martirenak 1-2 (13-15, 15-7 eta 5-8) irabazi zieten Bereziartua sagardotegiaren izenean aritu diren Ansa II.ari eta Aritz Zubiriri.

Lehenbiziko finalerdian Josetxo Ezkurra doneztebarra izan zen onena, Azpirozek ongi lagunduta. Denera 13 tanto egin zituen Ezkurra II.ak. Aimar Jabalerak ere maila ona eman zuen (hamaika tanto egin zituen), baina Barrenetxeak ez zuen sakearekin asmatu (tanto bakarra egin zuen eta bi falta).

Bigarren finalerdia berdinduagoa izan zen eta, berezia baldin bada ere, galtzaileek irabazleek baino tanto gehiago egin zituzten (33-30), baina ez ziren finalera pasatu. Lehenbiziko jokoa berdindua izan zen, baina azkenean Urrizaren eta Martirenaren alde erori zen (13-15); bigarrenean Ansa II.a eta Zubiri erraz gailendu ziren (15-7) eta kitarakoan ikusi ziren tantorik ederrenak. Berdinduak ibili ziren baina 3-4tik 4-7ra joan ziren Urriza eta Martirena eta 5-8 irabazi zuten azkenean. Aritz Zubiri goizuetarrak partida ona jokatu zuen, baina ez zen nahikoa izan finalera ailegatzeko.

 

Finalerdien ondotik, finalerako pilotak aukeratu zituzten

Bi finalerdiak bukatu orduko, ekainaren 24an, astelehenean jokatuko den finalerako pilotak bereizi zituzten finalistek. Ezkurra II.ak eta Azpirozek pilota biziagoak aukeratu zituzten eta Urrizak eta Martirenak lehorragoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun