Solaslaguneko eta Iruñerriko Mintzakideko lagunek elkarrekin ateraldia eginen dute igande honetan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 21a, 07:30

Igande honetan, ekainaren 23an, mendira eta hondartzara joanen dira. Solaslaguna eta Iruñerriko Mintzakide lantaldeko kideek antolatu dute hitzordua eta parte hartzeko gonbita egin dute.

Igandean, 10:00etan Elurretxeko aparkalekuan (GI-3454, 8. km) egin dute hitzordua eta Aiako Harrian dagoen Txumumurrura (821 m) igoko dira. Eguraldi ona baldin bada, mendi bueltaren ondotik hondartzara joanen dira.

Eguna pasatzeko bakoitzak bere hamaiketakoa eraman beharko du mendian jateko, eta horrez gain, bazkaria ere eraman beharko du; hondartzara joatekotan, baita bainujantzia eta toalla ere.

Hitzorduan parte hartzeko 610 92 06 73 telefonoan eman behar da izena.

Euskaraz mintzatzeko hitzordua

Euskaraz mintzapraktika egiteko bertze hitzordu bat da igandekoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, «mendi irteera honetan sortutako taldea euskalduna da» eta gisa berean, «gure asmoa mendian barna prestatutako ateraldi zehatzetan lagun giroan lasai ibiltzea da, Euskal Herriko bazter ederrak ezagutzea eta, bidenabar, naturaren kontaktua euskaraz lantzea».

Bertzetik, mendi irteeran parte hartzeko federatua egotea gomendatu dute. Antolatzaileek argitu dute «antolakuntza ez dagoela parte hartzaileei istripu asegurua egitera derrigortua, eta izanen balitz, norbanakoaren asegurua egin beharko litzatekeela erantzule».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun