Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiak Sunbillan eta Altsasun jokatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 20a, 14:30

Ttikien kategorian, alde batetik, Berako taldea Lizarrakoaren kontra ariko da, eta bertzetik, Leitza eta Baztan ariko dira aurrez aurre. Haundietan, berriz, Doneztebek Zizur izanen du kontrario eta Leitzak Larraun.

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketak aitzinera segitzen du, eta asteburu honetan, finalerdiak jokatuko dituzte.

Ttikiak Sunbillan

Ttikien mailako finalerdiak Sunbillako frontoian jokatuko dituzte. Alde batetik, ortziralean, ekainaren 21ean, 18:00etan, Berako taldeak Lizarrakoa izanen du kontrario. Eta bertzetik, larunbatean, ekainaren 22an, Leitza eta Baztan elkarren kontra ariko dira.  Bi kasuetan, ttikien, kimuen eta haurren mailako finalerdiak izanen dira.

Handiak Altsasun

Handien kategorietako finalerdiak Altsasun jokatuko dituzte, eta honetan ere ez dute hutsik egin eskualdeko taldeek. Larunbatean, ekainaren 22an, Doneztebe eta Zizur ariko dira, eta igandean, ekainaren 23an, Leitza eta Larraun. Bi egunetako partidak 10:30ean hasiko dira eta kadeteen, gazteen eta helduen kategorietako partidak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun