Adosen San Fermin Torneoa asteburuan abiatuko da Cortesen eta Ubiden

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 20a, 15:00

Irantzu Etxebeste beratarra pilota astintzen. San Fermin torneoko lehen partida jokatuko du larunbatean Cortesen, Mendibururekin bikote eginez, Oskozen eta Galeanoren kontra.

Larunbatean Etxebeste eta Mendiburu, Oskozen eta Galeanoren kontra ariko dira Cortesen eta igandean Iturriaga eta Zabala, Arrietaren eta Orbegozoren kontra Ubiden

Udaberriko Bertso pilota txapelketa berezia bukatu orduko, Adosen San Fermin torneoa abiatuko da asteburu honetan. Jardunaldi bikoitza izanen da. Ekainaren 22an, larunbatean 18:00etan hasita Cortesen jokatuko dute Etxebeste beratarrak eta Mendiburuk, Oskozen eta Galeanoren kontra. Ekainaren 23an, igandean 17:30ean hasita Ubiden jokatuko dute Iturriaga leitzarrak eta Zabalak, Arrietaren eta Orbegozoren kontra.

Ekainaren 29an Erratzun eta uztailaren 9an Lesakan

Txapelketa honetako hirugarren jardunaldia Erratzun jokatuko dute ekainaren 29an. Etxekolonea zubietarrak eta Galeanok, Etxebeste beratarraren eta Mendibururen kontra jokatuko dute. Ekainaren 30ean Eulaten jokatuko dute Aranburuk eta Ruiz de Larramendik, Arrietaren eta Orbegozoren kontra.

Uztailaren 5ean Iruñean jokatuko dute Etxekolonea zubietarrak eta Galeanok, Aldaregiaren eta Mujikaren kontra. Lau eta erdiaren barreneko buruz buruko txapelketa ere jokatuko dute San Fermin Torneoan eta Iruñean jokatuko dute lehen finalerdia Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Ibarrolak.

Uztailaren 9an Lesakan jokatuko den azken jardunaldian erabakiko dira finalistak. Binakako partidan Iturriaga leitzarra eta Zabala, Aranbururen eta Ruiz de Larramendiren kontra ariko dira eta lau eta erdiaren barrenean, Barrokal eta Ruiz de Infante izanen dira aurrez aurre.

Binakako nahiz lau eta erdiaren barreneko final handiak Iruñeko Labriten jokatuko dituzte uztailaren 12an, 11:30ean hasiko den jaialdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun