Laxoa txapelketako final laurdenak larunbatean jokatuko dituzte Arraiozen eta Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 20a, 17:00

Doneztebeko Bear Zanan jokatuko dute final laurdenetako lehen partida, larunbat eguerdian, Doneztebe Apeztegia eta Irurita Migelene taldeen artean.

Laxoa Elkarteak antolatutako Nafarroako 44. Laxoa txapelketako final laurdenetako partidak jokatuko dituzte ekainaren 22an. Larunbat eguerdian, 12:00etan, Doneztebe Apeztegia eta Irurita Migeleneren arteko lehia izanen dute Doneztebeko Bear Zanan eta larunbat arratsaldean, 17:30ean, Arraioz Sagardia eta Oiz B taldeen artekoa, Arraiozko plazan.

Final laurden hauetako taldeak hasierako ligaxkan hirugarren eta seigarren postuen artean gelditutakoak dira. Beraz, final laurdenak irabazten dutenek Doneztebe The Moment eta Oiz A izanen dituzte arerio finalerdi handian eta galtzen dutenek, aldiz, Doneztebe Titiren eta Doneztebe Menditxuriren kontra jokatu beharko dute finalerdi ttikian.

Final ttikia uztailaren 27an jokatuko dute Arraiozen eta final handia eta hirugarren posturako lehia, berriz, abuztuaren 3an Arraiozen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun