Sagardoaren txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte ortzegunean Hernanin

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 19a, 11:00

Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra, Azpiroz, Aimar Jabalera doneztebarra eta Barrenetxea IV.a, Sagardoaren txapelketako finalerdirako aukeratutako pilotekin.

Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Azpiroz, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Barrenetxea IV.aren kontra lehen finalaurrekoan eta Urriza eta Martirena, Ansa II.a eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra bigarrenean

Ortzegunean Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko den Sagardoaren Txapelketako finalerdietarako materiala astelehenean aukeratu zuten. Lehen finalerdian Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Azpiroz, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Barrenetxea IV.aren kontra ariko dira eta bigarrenean Urriza eta Martirena, Ansa II.a eta Arit Zubiri goizuetarraren kontra.

Lehen finalerdia jokatuko duten lau pilotariak izan ziren kantxaratzen lehenak. Ezkurra II.a-Azpiroz eta Jabalera-Barrenetxea IV.a. Ez zen ia alderik izan batzuk eta bertzeek bereizi zituzten pilotetan. Aukeratutako zortzi pilotetatik zazpik antzeko ezaugarriak dituzte, biziak eta azkarrak.

Jabalerak eta Barrenetxeak bizienak bilatu eta aurkitu zituzten. Ez zuten ia pilota lehorrik ukitu. Sakearekin min egin nahi dute. Ezkurrak eta Azpirozek ere ia material bera aukeratu zuten, horietako bat izan ezik, apur bat lehorragoa eta ez hain bote bizikoa. Bi bikoteei pilota azkarra eta botekoa gustatzen zaie. Pisuak ez dira ia aldatzen. Ezkurra eta Azpirozen bi pilotek 126 gramoko eta 127 gramoko pisua dute, hurrenez hurren. Jabalera eta Barrenetxearenak 125 gramoko pisua izan zuten, 126 gramoko bi eta 127 gramoko bertze bat.

Ansa II.a, Aritz Zubiri goizuetarra, Urriza eta Martirena, bigarren finalerdirako pilotekin.

Bigarren finalerdiko protagonistek aukeratuko piloten artean alde gehiago izan zen. Urrizak eta Martirenak bi pilota lehor bereizi zituzten, behetik goitik baino gehiago dabiltzanak. Pilotetako bat bakarrik da bizia. Ansak eta Zubirik hiru pilota bizi eta botekoak bereizi zituzten, lehen finalaurrekoaren antzekoak. Bertze bat motelagoa edo lehorragoa da. Urrizak eta Martirenak Urrizak neurketaren erritmoa eramatea nahi dute. Bere pilotek, bik 128 gramo pisatu zituzten, bat 125 gramokoa da eta bertzea 124 gramokoa. Ansa eta Zubiriren pilotek 128 gramo pisatu zituzten, bik 127 gramo eta 126 gramoko bertze bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun