Haira Aizpurua saratarrak jantzi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 17a, 19:00

Iragarri bezala, larunbat arratsaldean jokatu zen 36. Euskal Herriko Eskolartekoa. 250 bertsozaleren aitzinean, hamaika bertsolari aritu ziren kantari Arantzako frontoian; tartean, eskualdeko lau: Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua saratarrak, Kattin Madariaga aranztarra eta Kattalin Lizarraga leitzarra. Albiste barrenean, txapeldunaren bukaerako agurra.

Argazkiak. Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta TTIPI-TTAPA.

Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia aritu ziren; Baxenabarretik Nahia Etxeberri; Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga; Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga; Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua saratarrak eta Nafarroatik Kattin Madariaga aranztarra eta Kattalin Lizarraga leitzarra. Gai jartzaile lanetan, berriz, Ainhoa Larretxea beratarra aritu zen eta epaile Ainhoa Arregi, Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltza.

Hasierako agurrak kantatu ondotik, finalaren lehenbiziko saioan, zortziko handian eta zortziko ttikian aritu ziren bertsolariak, binaka edo hirunaka. Horietatik seik lortu zuten bigarren faserako txartela: Haira Aizpuruak, Kattin Madariagak, Nahia Etxeberrik, Unax Aizpuruak, June Aiestaranek eta Joanes Azpillagak. Bigarren zatian, alde batetik, puntu bati erantzun behar izan zioten bertsolariek eta bertzetik, gaia bati bertso bat kantatu.

Azkenean, Haira Aizpurua nagusitu zen eta txapela Jose Luis Sukiak paratu zion. Txapeldunorde, berriz, Nahia Etxeberri gelditu zen eta saria Bertsozale Elkarteko Ainhoa Urienen eskutik hartu zuen. Gainerako parte hartzaile guziek ere oroigarriak hartu zituzten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun