Zeberio II.ak eta Saldiasek eta Mikelarenak eta Mitxeok finalerako zuzeneko txartela jokoan izanen dute azken jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 17a, 13:00

Otano, Iturregi, Zeberio II.a, Saldias, San Miguel (epailea), Mitxeo, Mikelarena, Barricart eta Uterga, Agoitzeko jaialdian. Erdiko bi bikoteek finalerako zuzeneko txartela izanen dute jokoan ortziralean Azkoienen.

Uterga eta Barricart hirugarren gelditu dira eta finalerdia jokatu beharko dute ortziralean Azkoienen jokatuko den partida horretako galtzailearen kontra

Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Udaberriko txapelketako zortzigarren eta bederatzigarren jokatu zituzten ortziralean Agoitzen. Ligaxkako sailkapenera begira erabakigarria izan zen. Izan ere, Zeberio II.ak eta Aimar Saldias oiztarrak 35-23 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Otanori eta Mikel Mikelarena oiztarrak eta David Mitxeo doneztebarrak 35-33 irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Barricart-i. Irabazleek sailkapeneko bi lehenbiziko postuak segurtatu zituzten eta ortziralean Azkoienen jokatuko den azken jardunaldian erabakiko da zein den lehena eta zein bigarrena. Lehenbizikoa zuzenean sailkatuko da finalerako.

Ligaxkako lau partidak jokatuta, sailkapenen hirugarren gelditu dira Uterga eta Barricart. Hauek, ortziralean Azkoienen galtzen duen bikotearen kontra jokatuko dute finalerdia ekainaren 24an Burlatan. Finala, berriz, ekainaren 28an jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, 19:00etan.

Txapelketatik kanpo gelditu dira Iturregi eta Otano (laugarren) eta Jon Sagaseta iruritarra eta Ion (bosgarren).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun