Sergio Mielgo eta Karmele Gisasola nagusitu dira Etxauriko harrijasotzaileen proban

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 17a, 13:30

Etxauriko jaialdiko harriak altxatzen aritu ziren zortzi harri-jasotzaileak.

Estefania Etxebeste iturendarra hirugarren izan da eta Josetxo Urrutia leitzarra harria altxatu ezinik gelditu da

Alberto Lakosta zenaren omenez, XIX. Etxauriko Harriak harri-jasotze jaialdia egin dute ekainaren 16an  Etxaurin, Etxauriko udalak eta Lurgorria kultur elkarteak antolatua. Denera zortzi harri-jasotzaile aritu dira lehian, tartean Josetxo Urrutia leitzarra eta Estefania Etxebeste iturendarra.

136,5 kiloko Etxauriko Harriarekin saiatu dira lau gizonezko eta horien artean, Sergio Mielgo madrildarrak egin ditu altxaldi gehien: hamar.  Imanol Royo Lartainek zortzi aldiz altxatu du eta Gari Garmendiak lau. Josetxo Urrutia leitzarra, aldiz, harria altxatu ezinik gelditu da. 68 kiloko Lurgorria harriarekin bigarren urtez aritu dira emakumeak. Karmele Gisasola bizkaitarrak 24 aldiz altxatu du, Sara Jimenez de Aberasturi arabarrak 22 aldiz, Estefania Etxebeste iturendarrak 19 aldiz eta Udane Ostolaza gipuzkoarrak 18 aldiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun