Nafarroako Kirol Jokoetako eskuz binakako hirugarren faseko finalak jokatu dituzte eskualdeko hainbat pilotarik

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 17a, 10:30

Nafarroako Kirol Jokoetako lehen mailako bikote finalistak larunbatean Agoitzen. Aimar Olaizola izan zen sari banaketan.

Lehen mailakoan txapeldun izan dira Umore Onako Goizueta eta Olaizola benjaminetan eta Arkupeko Bazterrika eta Muñoa alebin mailan eta bigarren mailakoan Aurrerako Arregi eta Garate jubenil mailan

Nafarroako Kirol Jokoetako lehen mailako eskuz binakako pilota txapelketako hirugarren faseko finalak jokatu zituzten ekainaren 15ean, larunbat goizean Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan. Eskualdeko zenbait pilotari ere bertan aritu ziren eta batzuk txapelarekin bueltatu ziren.

Erraterako, ttikienen kategorian, benjamin mailako final estuan, Umore Onako Oinatz Goizuetak eta Joan Olaizolak 2-1 irabazi zieten Abaxitabideako Amorenari eta Narvaezi (8-10, 10-4 eta 5-4).

Umore Onako Joan Olaizola eta Oinatz Goizueta txapeldun benjaminetan.

Alebin mailan, Lesakako Arkupe elkarteko Jerai Bazterrika igantziarrak eta Oihan Muñoa lesakarrak 18-9 irabazi zieten Baztango Txarutako Muñoz eta Rekalderi.

Oihan Muñoa eta Jerai Bazterrika txapeldun alebin mailan.

 

Infantiletan, eskualdeko ordezkaririk gabe, Ultzamako Gurmindok eta Sarrateak 18-4 irabazi zieten Agoitzeko Garciari eta Nicuesari.

Kadete mailan, Atarrabiako Esain eta Santestebanek 22-19 irabazi zieten Leitzako Aurrerako Baleztenari eta Alkortari.

Jubeniletan, eskualdeko pilotaririk gabe, San Francisco Javier taldeko Zabaletak eta Garridok 22-6 irabazi zieten Oberenako Crespori eta Gelbentzuri.

Aipatzekoa da bigarren mailako finalak ere jokatu zituztela larunbatean Altsasun. Eskualdeko bikote bakarra ailegatu zen finalera eta txapela janztea lortu zuen gainera. Jubenil mailan, Aurrerako Arregik eta Garateak 22-16 irabazi zieten Erasoko Albizu eta Saenzi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun