Itsaso Bereau eta Luis Ibarra

«Txipa aldatzen ez badugu arazoa izaten ahal dugu etorkizunean»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 16a, 11:00

Bereauk eta Ibarrak 2022ko abuztuan ireki zuten Zurekin Diseinuak denda.

Zurekin Diseinuak dendako Itsaso Bereau Maziziorrek eta Luis Ibarra Irazokik ere ez dute lan faltarik; «gure aurreikuspenak onak dira». Baina langileak harrapatzea ez dela erraza izaten aitortu dute, eta aunitzetan langile faltari «orduak sartuta» erantzun izan diote.

Orain dela dozena bat urte sortu zuen Luis Ibarra Irazoki zurginak bere enpresa, eta ordura arteko bideari segida emanez, 2022ko abuztuan ireki zuten berak eta Itsaso Bereau Maziziorrek Zurekin Diseinuak denda. Eurekin batera, bertze langile bat dute eta «ekainean bertze bat» hastekoa dute. «Langileak bilatzea hagitz zaila» dela kontuan hartuz, «kontent» dira badutelako lanerako jendea. 

«Ofizio hauetarako ez dago ez langilerik, ez ilusiorik»

«Zurgintzan aritzeko prest dagoen norbait harrapatzea» ez omen da batere erraza: «Egoera konplikatua da. Ofizio hauetarako ez dago ez langilerik, ez ilusiorik». Euren iritziz, «afizioa, motibazioa eta ikasteko gogoa» gakoak dira lanbide honetan, baina «jendeak sakrifiziorik gabeko lana nahi du, ongi ordaindua eta ahalik eta ordu gehien libre». Fabrikako bidea hartzea ohikoa dela gehitu dute: «Zurgintza ikasten duten gazteak eta lana uzten dutenak, normalean, fabrikara joaten dira.  Jendeak fabrikako ordutegia eta baldintzak nahi ditu, zortzi ordu txanda batean eta libre». 

Ibarrari «betitik gustatu» izan zaiolako ikasi zuen zurgintza. «Segidan lanean» hasi zen, eta hala segitzen du, gustuko zereginetan: «Lan sakrifikatua izanen da, baina satisfazio handia ematen du». Ofizio honen alderdi positiboak «ez dira ikusten» euren ustez. «Baloratzeko bertan egon behar da. Jendearentzat erosoagoa baldin bada makina baten aitzinean zortzi orduz aritzea, horren kontra ezin da deus egin. Norbere erabakia da. Baina txipa aldatzen ez badugu, eta gazteek ofizio hauek zerbait txarrarekin lotzen segitzen badute, etorkizunean arazo bat izaten ahal dugu».

Lana badutela ere gaineratu dute, «gure aurreikuspenak onak dira», eta aunitzetan langile faltari «orduak sartuta» erantzun izan diote: «Asteburu aunitzetan lanean arituta. Lana aitzinera atera nahi baduzu, eta ez bada langilerik, ez da bertze aukerarik». Garai batetik honat zurgin lana aldatu dela ere aipatu dute: «Lehen gogorragoa zen. Badira esfortzu gehiago eskatzen duten momentuak, baina orokorrean gauzak aldatu dira», tartean lan baldintzak: «Langileak behar badituzu, lan baldintzak hobetu behar dituzu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun