Asier Viela

«Gaur egun ia inork ez du eraikuntzara dedikatu nahi»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 16a, 08:00

Sasoi Eraikuntzak enpresako bulegoko lantaldea lanean.

Asier Viela Sasoi Eraikuntzako kudeatzailea ere langile faltaren arazoaz mintzatu da TTIPI-TTAPArekin.

Gaur egun, «gehienbat Nafarroan eta Gipuzkoan obra publikoetan» aritzen da Sasoi Eraikuntzak enpresa, hau da, administrazioarendako lanean: «urbanizazioak, lur mugimenduak, ur hornidurak, saneamenduak, mendiko lanak...». Baina «partikularrendako lanak ere ez ditugu baztertuak» Asier Viela kudeatzailearen arabera. 48 langile dira eta «momentu hobeak eta txarragoak» izan dituzten arren, gaur-gaurkoz «ez dugu lan faltarik». 

«Gero eta zailagoa da langileak harrapatzea»

Kontatu duenez, «azken boladan langileak harrapatzea zaila da». Krisi denboratik sumatu dute joera hori: «Krisi handiena 2014tik 2016ra izan zen. Tarte horretan enpresa eta lanpostu aunitz desagertu ziren eta jendea fabriketara eta bertze lanpostuetara joan zen. Geroztik ez da lehengora bueltatu eta gero eta zailagoa da langileak harrapatzea. Gaur egun, ia inork ez du eraikuntzara dedikatu nahi». 

Langileak harrapatzeko zailtasun horien gibelean «hainbat faktore» daudela uste du Vielak eta horietako bat «fabriketan eskaintzen dituzten baldintza hobeak» direla aipatu du: «oporrak; ordutegi aldetik lanaldi jarraitua; lantoki bera urtea osoan. Eraikuntzan gaur toki batean zaude eta bihar bertze batera joan beharra dago; soldatak... Euria, hotza edo beroa izan, egun guzia kanpoan lan egin beharrak ere ez du laguntzen». Eta hala, eraikuntzan ari direnen bana bertzeko adina «goititzen» ari dela ohartarazi du. Gehiago ere bai: «Bertakoek ez dute nahi eta sortzen diren lanpostu berri gehienak atzerritarrek hartzen dituzte».  

Momentu honetan, lantaldea handitzeko intentziorik ez dutela gaineratu du, eta «esku lan gehiago» behar izan dutenean, «bertze enpresetako lan zerbitzuak azpikontratatu» dituztela dio: «Hala ere, arazoak izaten dira, denak lanpetuak dabiltzalako. Horrek, bertzeak bertze, epeetan eragina du». Gainerakoan, honela adierazi du: «Eraikuntza lana ez da desagertuko, beharrezkoa delakoz, baina egokitu beharra dagoela argi dago, langileak erakarri nahi baditugu. Hori da sektorean parte hartzen dugun guziok dugun erronketako bat». Sasoi enpresan, adibidez, «azken boladan hartutako neurrietako bat ortzirale arratsaldeak libre izatea izan da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun