Doneztebarren arteko lehia izanen da Sagardoaren txapelketako finalerdietan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 14a, 16:00

Aimar Jabalera, Aritz Zubiri, Ansa II.a, Barrenetxea IV, Azpiroz eta Josetxo Ezkurra II.a Galarretan. Seirak izanen dira Sagardoaren txapelketako finalerdietan, sailkapen buru izan diren Urriza eta Martirenarekin batera.

Urriza-Martirena, Ansa II-Zubiriren aurka eta Ezkurra II-Azpiroz, Jabalera-Barrenetxearen aurka, ariko dira

Bukatu da Sagardoaren Txapelketako lehenengo fasea eta finalerdietako gurutzaketak erabaki dira. Urriza eta Martirena (Aburuza) bikotea sailkatu da lehenengo postuan eta finalaurrekoan atzoko aurkari berak izango dituzte, Ansa II.a eta Aritz Zubiri goizuetarra (Bereziartua). Bigarren finalerdia, berriz, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Azpirozek (Alorrenea) jokatuko dute Aimar Jabalera doneztebarraren eta Barrenetxea IV.aren (Oialume Zar) kontra.

Ligaxkako azken jardunaldian, lehenengo partidan, Urriza eta Martirena bikoteak Ansa II.a eta Zubiri gainditu zituen 0-2 (7-15, 14-15). Nagusi izan ziren urdinak. Urrizak 19 tanto egin zituen (8 lehenengo setean eta 11 bigarrengoan) eta Martirenarekin batera bikote sendoagoa osatu zuten. Lehenengo jokoa eroso irabazi zuten Urrizak eta Martirenak. Aurrelari iruindarrak ez zuen akatsik egin. Bigarren jokoa parekatuagoa izan zen.

Bigarren partiduan joko erabakigarrira joan ziren. Segurolak eta Larrañagak irabazi behar zuten aukerekin jarraitzeko, baina lehenengo jokoa 15-14 irabazi ondotik, 8-15 eta 3-8 galdu zituzten hurrengo biak Ezkurra II.a eta Azpirozen kontra.

Hirugarren partiduan Aimar Jabalera doneztebarrak eta Barrenetxeak 15-12 eta 15-13 irabazi zuten. Aldabek eta Aritz Juanenea saldiastarrak txapelketako partidurik onena jokatu zuten, baina punturik lortu gabe akitu dute txapelketa.

 

Galarretako ekainaren 13ko emaitzak

  1. Ansa II.a-Zubiri (Bereziartua), 0; Urriza-Martirena (Aburuza), 2
  2. Segurola-Larrañaga (Petritegi), 1; Ezkurra II.a-Azpiroz (Alorrenea), 2
  3. Jabalera-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), 2; Aldabe-Juanenea (Gurutzeta),0

 

Sailkapena

  1. Urriza-Martirena (Aburuza), 17 puntu 
  2. Ezkurra II.a-Azpiroz (Alorrenea) 14 puntu
  3. Jabalera-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) 12 puntu
  4. Ansa II.a-Zubiri (Bereziartua) 10 puntu
  5. Segurola-Larrañaga (Petritegi) 7 puntu 
  6. Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) 0 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun