Udaberriko erremonte txapelketako jardunaldi bikoitza jokatuko dute ortziralean Agoitzen

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 13a, 17:00

David Mitxeo doneztebarrak (argazkian), Mikel Mikelarena oiztarra izanen du lagun oraingoan aitzineko koadroetan, min hartutako Otxandorenaren ordez.

Zeberio II.a eta Saldias, Iturregi eta Otanoren kontra ariko dira eta Uterga eta Barricart, Mikelarena eta Mitxeoren kontra

Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Udaberriko erremonte txapelketako zortzigarren eta bederatzigarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte ekainaren 14an, ortziralean 19:00etan hasita Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan.

Lehen partidan, sailkapeneko lider diren Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, azken aurrekoak diren Xuban Iturregi iruritarraren eta Otanoren kontra ariko dira. Hauek garaipena nahitaezkoa dute finalerdietara sailkatzeko aukeraren bat izatekotan. Bigarren partidan, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Otxandorenaren ordez jokatuko duen Mikel Mikelarena oiztarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira. Sailkapeneko bigarrena hirugarrenaren kontra, alegia.

Ohi bezala, jaialdiko sarreran biltzen den dirua ADANO elkartera bideratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun