Datuak herriz herri

EH Bildu nagusitu da abstentzio handiko hauteskunde hauetan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 10a, 10:30

Atzo Goizuetan herritarrak botoa ematen. Argazkia: Felix Loiarte.

Eskualdeko datuei erreparatuz, erdiak baino guttiagok eman du botoa Europako Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan. Gainerakoan, TTIPI-TTAPAren Hegoaldeko eremuan EH Bildu izan da lehenbiziko indarra eta Saran eta Senperen, berriz, Frantziako eskuin muturra.

Herriz herriko datuak

Ikusi hemen herriz herriko datuak: Arano, Arantza, Areso, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Goizueta, Igantzi, Ituren, Leitza, Lesaka, Oiz, Sara, Saldias, Senpere, Sunbilla, Urdazubi, Urroz, Zubieta eta Zugarramurdi.

Abstentzio handia

Aldi honetan, eskualdeko herri guziak kontuan hartuta, % 53,20k ez du botorik eman.

Abstentzioa izan da hauteskunde hauetako bertze protagonista. 2019an parte hartzea handiagoa izan zen, abstentzioa % 29,91koa izan baitzen. Hala ere, kontuan izan behar da orduan bertze hauteskunde batzuekin batera egin zirela Europakoak. Aldi honetan, eskualdeko herri guziak kontuan hartuta, % 53,20k ez du botorik eman. Goizuetan abstentzioa % 40,37koa izan da, Iturenen % 43,93koa, Senperen % 49,05ekoa eta % 50ekoa. Gainerako herri guzietan aise handiagoa izan da abstentzioa, erdiak baino guttiagok eman dute botoa. Konparazio batera, Beintza-Labaienen % 72,63k ez dute botorik eman eta Ezkurran % 73,02k.

Hegoaldeko eremua kontuan hartuz, EH Bildu barrenean duen Orain Errepublikak izan da boto gehien bildu dituen hautagaitza. Hala ere, 2019ko hauteskundeekin konparatuz, mila boto baino gehiago galdu ditu. PSOE izan da bigarren indarra, 84 boto gehiago lortuta, eta PP hirugarrena 43 boto gehiago eskuratuta. Geroa Bai bigarren indarra izatetik laugarren indarra izatera pasatu da Europako hauteskunde hauetan, bi mila boto baino gehiago galduta (876 aurten). Herriz herri berriz, ia erabatekoa izan da EH Bilduren nagusitasuna. Urrozen eta Urdazubin izan ezik, gainerako guzietan irabazi du. Bi herri horietan, ordea, PSOE nagusitu da, batean zein bertzean, EH Bilduri bi botoko aldea aterata.

Lapurdin, berriz, ia herri guzietan irabazi du Marine Len Penen RN Batasun Nazionala alderdiak, baita Saran eta Senperen ere. Lapurdiko hiru herritan bakarrik ez du irabazi Le Penen alderdiak. Saran bigarren indarra Emmanuel Macronen Renaissance alderdia izan da (lehenago Errepublika Martxan alderdia zena), eta hirugarrena PS-Plaza Publikoa. Senperen, berriz, eskuin muturraren ondotik, PS-Plaza Publikoa izan da bigarren indarra eta hirugarrena Macronen alderdia. 2019ko hauteskundeetan bi herrietan Macronen alderdia izan zen nagusi, eta aldi honetan, beheititze handia izan du.

Macronek Frantziako Parlamentua desegin du, eta hauteskundeak iragarri ditu.

Gehiago ere bai. Emaitzak ikusita, Macronek Frantziako Parlamentua desegin du, eta hauteskundeak iragarri ditu. Hauteskunde legislatiboen lehen itzulia ekainaren 30ean eginen dute eta bigarrena uztailaren 7an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun