Aimar Otxoteko lesakarrak irabazi du Intxixu Trail mendi lasterketa Oiartzunen

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 10a, 09:30

Intxixu Traileko koxkarik altuenean Aimar Otxoteko lesakarra eta Larraitz Etxebeste oiartzuarra. Hodei Lujanbio goizuetarra bigarrenean. Argazkia: Oarsoaldeko Hitza

Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren izan da eta emakumezkoetan Larraitz Etxebeste oiartzuarra nagusitu da

Intxixu Trail mendi lasterketaren bederatzigarren edizioa jokatu zen igandean Oiartzunen. Korrikalariek 16 kilometroko ibilbide gogorrari eta eguraldi kaskarrari egin behar izan zioten aurre. Gizonetan, Beti Gazteko Aimar Otxoteko Larrarte lesakarra izan zen azkarrena, 01.16.15eko denborarekin. Osin Trail taldeko Hodei Lujanbio Apezetxea goizuetarrak hamasei segundo gehiago behar izan zituen (01.16.31). Podiuma Josu Urrestarazu Garcia idiazabaldarrak osatu zuen (01.17.47).

Denera 208 korrikalarik osatu zuten proba eta hamar lehenbizikoetan sartu ziten eskualdeko bertze bi korrikalari ere: Aitor Aizkorbe Jimenez goizuetarra zazpigarren izan zen (1.22.46) eta Beti Gazteko Beñat Saralegi Alzate lesakarra zortzigarren (1.23.42). SPUC Lasterka taldeko Iban Guilçou senpertarra hamabigarren izan zen (1.26.38).

Emakumeetan, berriz, Larraitz Etxebeste Lizaso oiartzuarra izan zen garailea, 01:35:27ko denborarekin. Nerea Amilibia Arruti zarauztarrak (01:39:43) eta Vanessa Arbelaitz Yeregi zumaiarrak (01:40:52) osatu zuten podiuma. Mayi Arriola lesakarra hamaikagarren izan zen (1.57.13), Nahia Fagoaga Moreno beratarra  hamazazpigarren (2.07.53) eta Naiara Altzugarai Maia lesakarra hemezortzigarren (2.09.30).

Sailkapen osoa

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun