Garesen galdu eta ez da hirugarren mailara igoko Baztan futbol taldea

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 10a, 08:00

Denboraldi bikaina egin duen arren, Baztanek galdu egin zuen Garesen eta ez du hirugarren mailara igotzerik lortu. Argazkia: Diario Noticias

Jubenilen lehen mailara igotzeko bidean jarri da Aurrera, Donezteberi 1-4 irabazita

Zail zeukan Baztan futbol talde nagusiak hirugarren mailara igotzeko ametsa. Joaneko partidan 0-1 galdu zuen Giltxaurdin Garesen kontra eta itzulerakoan ere, lau autobus betez eta autoz hurbildutako zaleen babesa izan arren, 3-1 galdu zuen Garesen. Atsedenera husnako berdinketarekin joan ziren, baina bigarren zatian bi gol egin zituen Garesek. Bukaera aldera, Imanol Zokok gola egin eta itxaropen zirrikitu bat ireki zuen, baina segidan sartu zuten Gareskoek hirugarrena eta beraiek izanen dira hirugarren mailara igoko direnak. Halere, Baztanen ongietorria egin zioten hain denboraldi ederra egin duen taldeari. Jubeniletan, bigarren mailatik lehen mailara igotzeko kanporaketa erabakigarria jokatzen ari dira Doneztebe eta Aurrera. Irabazten duenak lortuko du igotzea eta nahiko bideratua utzi du kontua Leitzako taldeak. Izan ere, Donezteben jokatutako partidan 1-4 irabazi zuen. Heldu den asteburuan Arkiskilen erabakiko da igoera.

FUTBOLA

Gizonezkoen Nafarroako Maila Autonomikotik hirugarren mailarako igoera fasea, itzulerakoa

Gares 3 – Baztan 1 (Imanol Zoko). Joanekoan ere, Giltxaurdin Baztanek 0-1 galdu zuenez, Gares izanen da hirugarren mailara igotzen den taldean

 

Nafarroako mutil jubenilen lehen mailako jaitsiera faseko azken partida

CD Baztan 3 (Mikel Baylon, Emilio Alejandro Oiaregj eta Haritz Bidegain) – CD Amigó B 2

 

Nafarroako mutil jubenilen bigarren mailan, igoera play off-eko bigarren kanporaketa (joanekoa)

Doneztebe FT 1 (Izei Astibia) - Aurrera KE 4 (Aitor Lizartzak 3 eta Hodei Anaut)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun