‘Bertatik bertara’ kanpaina abiaraziko dute uda honetan ere UEMAk eta udalek, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 7a, 16:00

Bosgarrengo aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte UEMAk eta bertako kide diren dozenaka udalek, eta 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin, aurreko urteetan bezala. Ekainaren 8an hasi eta irailaren erdialdera izango da kanpaina.

Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. Aurten, gainera, lehen aldiz, Turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz.

Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei.

Hori guztia gogorarazteko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan. 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez eta galizieraz dago hiztegia.

Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-gainekoaren osagarri.

Eta azken berrikuntza bezala, aurtengo Bertatik Bertarako euskarrietan spotifyko QR bat dago txertatuta 'Zure bidaiaren soinu banda' izena duena. Honen helburua da datozen kanpoko orori musikarekin Euskal Herritik bidaiatzen jartzea.

 

 Material osagarria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun